Albistea entzun

Quebecen egonaldia egingo dute Natalia de Miguel eta Jorge Jauregi koreografoek

'No Trace' ikuskizuna garatuko dute Montrealen. Urte hasieran Louise Bedard Quebeceko dantzari eta koreografoa izan zen Euskal Herrian
Jorge Jauregi eta Natalia de Miguel, atzo, Donostian.
Jorge Jauregi eta Natalia de Miguel, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2019ko maiatzak 29 - Donostia

Iaz, Gipuzkoako eta Quebeceko zenbait erakundek dantza sorkuntzarako lankidetza programa bat jarri zuten martxan, sormenaren garapena indartzeko eta koreografoen ikuspegi artistikoa zabaltzeko asmoz. Besteak beste, programa horrek sortzaileei egonaldiak egiteko aukera ematen die. Otsailean egin zuten proposamenak aurkezteko deialdia, eta, jasotakoen artean, antolatzaileek Kanpai konpainiako Natalia de Miguel eta Jorge Jauregi koreografoen proiektua aukeratu dute, Quebeceko erakundeen oniritziarekin. Udazkenean, bi hilabete eta erdiko egonaldia egingo dute Montrealen.

No Trace pieza garatuko dute egonaldian, dantza garaikideko profesional bilakatzeko bidean diren Quebeceko Ecole de Danse Contemporaine (EDCM) zentroko ikasleekin. Bi dantzarien esanetan, «gizakiak inposatzen dituen arrastoei buruzko lana» izango da, eta norbere ekintzei eta erabakiei buruz gogoeta egitea proposatuko dute, horien ondorioei buruzko gogoeta bat ere egiteko.

Arrastoari lotuta, azaldu dute zati batek inguruarekin duela zerikusia; hau da, gizakiak inguruan duen inpaktuarekin. Bestetik, bakoitzak bere inguruko jendearengan egiten duen arrastoa landuko dute. «Gure ardura da existentzia horrek ongizatea sortzea, eta, horregatik, gainerakoei nahiz norberari uzten ari garen arrastoari buruzko gogoeta irekitzea da proiektuaren ideia. Hori guztia dantzara ekarrita». Ikuskizunak ordu erdi inguru iraungo du, eta abenduaren 11tik 14ra egingo den Les danses de la Mi-chemin jaialdian aurkeztuko dute, Montrealen bertan.

Bi koreografoek dantzari talde handi batekin lan egingo dute, dantzari gazteekin, eta esan dute hori aprobetxatuz taldeko eszenak prestatuko dituztela, oso dinamikoak eta fisikoak. «Irudi biziak osatzea interesatzen zaigu, naturako paisaietan inspiratuta: desertuak, sumendiak, itsasoa, harkaitzak... Gero horiek pauta fisikoetara ere bihur daitezke, dantzaria egoera mental edo fisiko horretan jartzeko, adibidez, adierazteko zer sentitzen den sumendi batean egonda».

De Miguelek eta Jauregik nabarmendu dutenez, «komunikatzen duen dantza» defendatu izan dute beti. «Gorputzak komunikatzeko duen gaitasuna interesatzen zaigu; hitz egiteko duen gaitasuna eta barruan duen poetika hori. Saiatuko gara horretan sakontzen beraiekin».

Bi norabideko proiektua

Quebeceko Ecole de Danse Contemporainek, Conseil des arts et des Lettresek, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Gipuzkoako Dantzaguneak, Dantzaz Sormen Koreografikorako Nazioarteko Zentroak eta Etxepare Euskal Institutuak sustatzen dute programa.

Bi norabideko proiektua da. Hain zuzen, urte hasieran Louise Bedard dantzari eta koreografoa bi hilabetez aritu zen lanean Tabakaleran eta Gipuzkoako Dantzagunean, Dantzaz-eko dantzariekin. Lan horren emaitza Errenteriako Niessen aretoan erakutsi zuten, eta udazkenean Dantzaz konpainiak egingo duen ikuskizun oso baten parte izango da. 2018an egindako lehen aldian, Iker Arrue donostiarra izan zen Quebecen, eta John Gerena koreografoa etorri zen Gipuzkoara.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aitor Fenandino eta Mikel Losada aktoreak, 'Bake lehorra antzezlaneko eszena batean ©Monika del Valle/Foku

Karlistaldian kokatutako gerrei buruzko antzezlana sortu du Patxo Telleriak

Iñigo Astiz

Zehazki, 1872ko karlisten eta liberalen arteko Zornotzako bake ituna hartu du abiapuntu antzerkigileak, baina kasu zehatzetik harago, bakeari eta gerrari buruz gogoeta egiten duen obra bat sortu du: 'Bake lehorra'. Astelehenean estreinatuko dute euskaraz

Saria jaso duten musikariak, gaur, BECeko ekitaldian. ©Marisol Ramirez / Foku

Hamar artista eta talderen lana aitortu dute Musika Bulegoaren VI. Sarietan

Ainhoa Sarasola

Olatz Salvador, Chill Mafia, Gaur, Ether Ensemble, Maite Larburu, Ramon Lazkano, Verde Prato, Amak, Trio Zukan eta Motxila 21 taldeak saritu dituzte aurten, Barakaldoko BECen eginiko galan.

Led Silhouette dantza konpainiako Martxel Rodriguez eta Jon Lopez kideak. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Erriberriko antzerki jaialdiak inklusibotasuna izanen du ardatz

Yasmine Khris

Uztailaren 15etik 31ra egingo dute antzerki klasikoaren jaialdia. Espazio «paritario eta feminista» baten alde egin dute apustua aurten

Ezker-eskuin, Arantxa Arzamendi, Mari Jose Telleria, Pello Leiñena, Aizpea Otaegi eta Andoni Iturbe. ©ERESBIL FUNDAZIOA

Musikastek «euskal musikaren hiriburua» batuko du 50. urtez

Miren Mujika Telleria

Bihar hasiko da Musikaste, Errenterian, maiatzaren 28ra bitarte. «Urrezko ezteiak» ospatuko dituzte aurten; izan ere, 50 urte bete ditu jaialdiak. Hamar emanaldi egingo dituzte, askotariko doinuekin

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...