Europan hizkuntza ez-hegemonikoetan sortutako filmak sustatzeko helburua du Glocal in Progress programak. Aurten izango du lehen aldia Donostiako Zinemaldian, eta egitasmoan parte hartuko duten hiru lanen izenak jakinarazi ditu jaialdiak. Horien artean dago Telmo Esnal zinemagilearen Dantza film berria. Miha Mazzini zuzendari esloveniarraren Izbrisana eta Hadrian Marcu zinemagile errumaniarraren Un om la locul lui lanak ere aukeratu dituzte sailean parte hartzeko.
Hautatutako hiru filmak postprodukzio fasean daude, eta Zinemaldiaren barruan —irailaren 25, 26 eta 27an, zehazki—, zinemaren industriako profesionalei erakutsiko dizkiete, hala nola ekoizle, banatzaile, salmenta agente eta programatzaileei. Filmak amaitzeko eta nazioartean banatzeko laguntza lortzea da helburua.
Euskal dantzen sinboloak eta metaforak hartu ditu oinarri Telmo Esnalek film berria ontzeko. Sormenezko lan libre bat da emaitza, dantzaren bidez hainbat gai unibertsal ukitzen dituena: bizirik irautea, sinesmena, festa, maitasuna... Musika, erritmoa eta keinua hartu ditu osagai kontakizuna harilkatzeko.
Dantza filmarekin, bosgarrenez parte hartuko du Esnalek Donostiako Zinemaldian. 2005ean, Aupa Etxebeste! filmarekin izan zen jaialdian —Asier Altunarekin batera idatzi eta zuzendu zuen—, Zuzendari Berriak sailean. 2009. urtean, berriz, Amona putz! film laburra erakutsi zuen Zinemiran, eta, 2011n, Urte berri on, amona!, Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean. Iaz, Kalebegiak film kolektiboaren barruan, Septiembre pieza aurkeztu zuen, Altunarekin batera ondutakoa hori ere. Belodromoan proiektatu zuten filma.
Miha Mazzini eta Hadrian Marcu zinemagileek, berriz, beren lehen lanak aurkeztuko dituzte egitasmo berriaren barruan. Mazziniren filma Eslovenia, Kroazia eta Serbiaren arteko koprodukzio bat da, eta Marcurena, berriz, Errumaniako ekoizpen bat. Armiarma sare burokratiko zentzugabe batean harrapatuta dagoen emakume baten istorioa kontatzen du Mazzinik Izbrisana lanean. Ana bere hiriko ospitale batean erditu da, baina arazo tekniko bat tarteko, haren izena ez da datu basean ageri. Horren ondorioz, bat-batean ez du gizarte segurantzarik, ez bizileku finkorik; atzerritarra da, eta haren haurra, legearen arabera, umezurtza. Bestelako korapiloak dituzte askatzeko Marcuren Un om la locul lui laneko protagonistek. Petru ingeniaria da, eta petrolio industriako langile komunitate batean bizi da. Laura neska laguna hardun dago, eta elkarrekin ezkontzekoak dira. Aldi berean, Petruk beste harreman bat du Soniarekin, bere lankide baten emaztearekin.
Ateak zabaltzeko xedez
Hainbat herrialdetako ekoizle eta banatzaileek Glocal Cinema egitasmoa jarri zuten martxan, iaz. Europan hizkuntza ez-hegemonikoetan —alemanaz, gaztelaniaz, ingelesaz, frantsesaz, italieraz eta errusieraz beste hizkuntzetan— sortutako zinema ekoizpenak sustatu eta nazioartean zabaltzea du xede egitasmoak. Programak bere ardatzetako bat Zinemaldian izango zuela azaldu zuten arduradunek,eta aurten izango du lehen aldia Glocal in Progress atalak.
Telmo Esnalen 'Dantza' filma, Glocal in Progress atalean hautatua
Zuzendariaren lan berria postprodukzio fasean dago, eta ekoizle, banatzaile eta bestelako zinema profesionalen aurrean erakutsiko dute, Donostiako Zinemaldiko atal berriaren barruan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu