Earth Wind & Fire, Kool & The Gang eta Bruni Gasteizko Jazzaldiko izar

Uztailaren 17tik 21era, funk eta jazz estiloko 35 kontzertu izango dira Gasteiz osoan sakabanatuta

Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Atzo aurkeztu zuten antolatzaileek Gasteizko 42. Jazzaldiko egitaraua. Izenik gehientsuenak ezagunak ziren jada, eta ez zen ezusteko handirik izan atzo. Musikaririk esanguratsuenak Carla Bruni, Earth Wind & Fire eta Kool & The Gang dira. «Ez da erraza horren zirkuitu betean tokia egitea, baina, 42 urtez izen handiekin lan egin eta gero, punta-puntako jaialdia bilakatu da Gasteizkoa», adierazi du Igone Martinez de Luna Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatuak.

Urteroko formula errepikatuko dute aurten ere. Kontzertu nagusiak Mendizorrotzako kiroldegian izango dira, eta Principal antzokiak osatuko du egitaraua. Hiriko jazz klubetan, Arka plazan eta Ciudad de Vitoria hotelean ere izango dira emankizunak.

Mendizorrotzako agertokia Leanne Faine & Favor gospel taldeak estreinatuko du. Asteazkenetik aurrera hasiko dira kontzertu bikoiztuak. Esaterako, Hudson eta Earth Wind & Fire taldeek bata bestearen atzetik joko dute. Biharamunean izango da Carla Bruniren txanda. French Touch azken diskoa aurkeztera etorriko da Gasteizera. Amaitzean, Charles Mingus konpositore eta kontrabaxu jotzailearen omenezko Mingus Big Band bandaren txanda izango da. Ostiralean, berriz, Perico Sambeat laukoteak eta Gasteizko Ganbera Orkestrak Elkarrizketak lana taularatuko dute. Gaur egungo jazza eta musika sinfonikoa aurrez aurre jarriko dituzte. Azken egunean, Brooklyn Funk Essentials taldearen ostean, Kool & The Gang taldeak itxiko du Gasteizko Jazzaldia.

Principal antzokian, besteak beste, Joel Frahm, Seamus Blake eta Fabrizio Bosso entzuteko aukera egongo da. Antolakuntzaren arabera, etorkizun handiko musikariak hirurak ere. Aipatzekoa, Gasteizko Musika Bandak lehendabizikoz joko du Jazzaldian.

Aurrekontuak gora

Zuzendaritzak adierazi duenez, mundu mailako artistak ekarri ahal izateko aurrekontua handitu behar izan dute. Jazzaldiak 880.000 euroko aurrekontuaduela argitu dute. Era berean, sarrera eta abonamenduen prezioek ere gora egin dute. Iñaki Añua zuzendariak esan duenez, igoerak ez die salmentei eragin. «Bide onetik goaz. Denera, ia 800 abonamendu jarri ditugu salgai, eta amaitzear dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.