Bere txakurraren bila dabilen 12 urteko mutiko bat du protagonista Isle of Dogs lanak, Wes Andersonen animaziozko filmak. Eta istorio horrek emango dio hasiera Berlinale zinema jaialdiaren 68. aldiari, gaur. Harekin batera, beste hemezortzi lanek parte hartuko dute Urrezko Hartza lortzeko lehian. Tom Tykwer zinema zuzendari alemaniarra buru duen epaimahaiaren esku egongo da irabazleak aukeratzeko erabakia.
Animaziozko lan batek Berlingo jaialdia irekitzen duen lehen aldia izango da. Andersonek, berriz, bigarren animaziozko filma du, orain zortzi urte aurkeztutako Fantastic Mr. Fox-en ostean. Japonian girotu du mutikoaren istorioa, eta Bill Murray, Edward Norton, Scarlett Johansson, Frances McDormand eta Tilda Swintonek jarri diete ahotsa pertsonaiei. Azken aldiz 2014. urtean izan zen zinemagilea Berlinalen, eta epaimahaiaren sari berezia lortu zuen The Grand Budapest Hotel-ekin.
Andersonen lanaz gain, Cedric Kahn (La pière), Benoit Jacquot (Eva) eta Gus Van Sant (Don't Worry, He Won't Get Far on Foot) zinemagileen lanak ere erakutsiko dituzte Sail Ofizialeko lehian, besteak beste. Zerrenda berean dira, halaber, Emily Atef, Lav Diez, David eta Nathan Zellner, Alexey German, Laura Bispuri, Marcelo Martinessi, Thomas Stuber, Mani Haghighi, Philip Groning, Alonso Ruizpalacios, Mans Mansson eta Axel Petersen, Adina Pintilie, Christian Petzold, Malgorzata Szumowska eta Erik Poppe zinemagileen lanak ere. Lehiaz kanpo, baina Sail Ofizialean orobat, beren lan berriak erakutsiko dituzte Jose Padilhak eta Steven Soderberghek, besteak beste.
Zinemaren munduko hainbat izar espero dira egunotan alfonbra gorrian. Besteak beste, Isabelle Huppert, Joaquin Phoenix eta Robert Pattinson aktoreek jaialdia bisitatuko dutela adierazi dute antolatzaileek. Berlinaleren Ohorezko Urrezko Hartza, berriz, Willem Dafoe aktoreak jasoko du.
Wes Andersonen filmak irekiko du Berlinale, gaur
Lehen aldiz, animaziozko lan batek emango dio hasiera jaialdiari. Sail Ofizialean 19 film izango dira lehian. Tom Tykwer da epaimahaiburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu