Donostiako 67. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Historia berriro errepikatzeko arriskua, airean

François Girarden 'The Song of Names'-ek itxi ditu Sail Ofizialeko emanaldiak. Lehiaz kanpo eman dute II. Mundu Gerran girotutako filma

Erredakzioa
Donostia
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
François Girardek Bigarren Mundu Gerran girotu du The Song of Names filmak kontatzen duen istorioa. Lehiaz kanpo erakutsi zuten, atzo, Sail Ofizialeko emanaldiei amaiera emateko, eta, zuzendariarekin batera, Tim Roth aktorea eta Robert Lantos ekoizlea izan ziren Donostian lana aurkezten. Girardek ohartarazi zuen «30 urtetik beherako gazteen erdiek» ez dakitela Holokaustoa zer izan zen. Eta ohartarazpena egin zuen Rothek ere: «Holokaustoa historia hurbila da, eta errepikatzeko arriskuan gaude». Haren ustez, orainaz ere hitz egiten du filmak, gaur egun ere hainbat herrialdetan gertatzen ari direlako halako egoerak. Aktorearekin eta zuzendariarekin bat etorri zen ekoizlea, Holokaustoaren ondotik Afrikan izaniko genozidioak gogora ekarrita: «Ez errepikatzeko, iraganaz ikastea da dugun aukera bakarra; hori izan da gure motibazioa».

Rothek Martin gorpuztu du filmean. 9 urte dituela, kariñoa hartuko dio anaia adoptatu berriari, Dovidli. Berak bezala, 9 urte ditu, eta biolin jotzaile mirari bat da. Londresera iritsi berria da, poloniar jatorriko judu errefuxiatu gisa. Urteetara, 21 urte dituztela, lehen kontzertua eman aurretik desagertuko da Dovidl. Denbora luze baten ostean, Martinek 56 urte dituenean, Dovidlek soilik irakats liezaiokeen filigrana estilistiko bat erakutsiko dio biolin jotzaile gazte batek.

Musikaren indarra

Norman Lebrechten izen bereko eleberria du oinarri filmak, baina, zuzendariak adierazi zuenez, pertsonaia gehiago sortu zituen filmerako, baita beste hainbat moldaketa egin ere. Girard: «Leialak izan behar genuen, baina egitura aldetik aldaketa nabarmenak daude liburuaren eta gidoiaren artean. Edonola ere, esentzia hor dago; liburuaren esentziarekiko fidelak izan gara».

Musikak filmean duen garrantzia ere nabarmendu zuen zinemagileak: «Filmeko informaziorik erabakigarriena abesti baten bidez iristen da: musikak mugak gainditzen ditu, baita pertsonen bihotzak ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.