Kataluniako hauteskundeak. Erreakzioak

Garaipen gazi-gozoa bloke independentistarentzat

Gehiengoari eustea lortu dute Junts Per Catalunyak, ERCk eta CUPek, baina arantza mingarri batekin: Katalunian boto gehien lortu dituen alderdia ez da independentista

ERCren jarraitzaileak, emaitzak jakiteko zain. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
Samara Velte.
2017ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
«Independentismoak irabazi ditu hauteskundeak». Agusti Alcoberro, ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteordea, izan zen atzo adierazpenak egiten lehena. Egia batekin lasaitu nahi izan zituen herrialde osoko subiranistak, eta beste egia bat ezkutatu zien: herritarrek gehien bozkatutako alderdia ez zela independentista. Gaueko hamaikak aldera agertu zen jendaurrera, ANCk eta Errepublikaren Defentsarako Batzordeek antolatutako zenbaketa gune alternatibotik. Nabarmendu zuen «testuinguru bereziki zailean» gertatu direla hauteskundeak: «Presidenteak deitu gabeko bozak izan dira, bi zerrendaburu kartzelan edo erbestean egonda» —Carles Puigdemonti eta Oriol Junquerasi erreferentzia eginda—. Horregatik, Alcoberroren ustez, «garaipen bikoitza» izan da parlamentuko gehiengo independentista mantendu izana. Orain «gobernu legitimoa berehala berrezari» eta preso politikoak askatu behar direla argudiatu du: «Mehatxu eta okupaziozko giro honetan, herritarrek eutsi egin diote».

Independentismoak mantendu du parlamentuko gehiengoa, eserleku kopurutan galera txiki bat sufritu arren. Blokearen barruko botere harremanak, ordea, dezente aldatu dira, eta agerian geratu da askok ikusi nahi zutena: zein den benetako indar korrelazioa orain arte Junts Pel Si osatu duten bi alderdien artean.

JUNTS PER CATALUNYA

Paraxutak funtzionatu du azken unean

Elkarrengandik mila kilometro baino gehiagora zeuden bi gunetatik jarraitu zituen Junts Per Catalunyak atzoko hauteskundeak: militante eta zerrendakide gehienek, Bartzelonako zabalguneko hotel batetik; eta Carles Puigdemont presidenteak, Bruselatik. Gauerdian agertu zen prentsaren aurrera, bere kontseilariez lagunduta. «Izugarrizko poza» adierazi zuten erbesteratuek. «Emaitza eztabaidaezina da», adierazi zuen presidenteak: «Eutsi diogu guretzako ezinbestekoa zenari: instituzio legitimo bati. Uler dezala mundu osoak: Kataluniako Errepublikak 155.aren monarkiari irabazi dio». Eta Generalitateko Jauregira itzultzeko eskubidea aldarrikatu zuen, «presidenteari dagokion lekura».

Trantsizioaz geroztik, Kataluniako alderdi hegemonikoetako bat izan da, urte luzez, CDC ohia. Urteetako boterekeriek eta murrizketa politika gogorrek faktura latza ekarri zioten 2012ko bozetan, eta harrezkero amiltzen joan dira urtez urte haren espektatibak. Aurten, bazirudien azkenean helduko zitzaiola bere San Martin eguna, bozetara bakarrik aurkeztera behartuta zegoenez gero. Presidentearen alderdiak ahal bezainbeste atzeratu du inkestek iragartzen zioten beherakada: 2015ean ERCrekin osatutako Junts Pel Si koalizio subiranistan babestu zen; behin eta berriz aldiz aldatu du marka —CDC,PDECat, Junts Per Catalunya—; eta aurten Puigdemonten figura maitatua baliatu du aurreko agintarien ospe txarra leuntzeko. Ondorioz, ia alderdiko koadrorik gabeko zerrenda bat osatu du, eta gizarte zibileko erreferenteak ipini ditu hautagai; besteak beste, idazleak, akademikoak eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea. Azkenean, ordea, uste baino hobeto eutsi dio erauntsiari, eta alderdi subiranistetan nagusi izaten jarraitu du; hala adierazten zuten behin-behineko emaitzek.

Bartzelonatik, Elsa Artadi kanpainako buruak egin zuen lehen balorazioa, Josep Rull eta Jordi Turull kontseilariez inguratuta. Euforiko ageri ziren, txaloka. «155.ak galdu du», esan zuen Artadik, eta jendetzak «Puigdemont, presidente» oihukatuz erantzun zion. «Independentismoaren garaipena denon garaipena da: Junts Per Catalunyarena, ERCrena eta CUPena».

ERC

Bere lekua sendotu du alderdi nagusien ligan

Olatuaren gainean surfeatuko zuela uste izan eta hondartzara igerian iritsi dena, aldiz, ERC izan da. 2015eko formula subiranista errepikatzeko proposamena oraindik tiraderan zegoela, alderdi errepublikazaleak jada iragarrita zeukan bere aldetik aurkeztuko zela bozetara: Oriol Junquerasen alderdiak ezin izan zion eutsi azken hilabeteetako inkestek iragartzen zioten tentazioari. Aurten, lortu du PDECaten mailan jartzea Kataluniako alderdi hegemonikoaren inguruko norgehiagokan, baina ez du eskuratu espero zuen sorpasso-a.

«Bistakoa da lehen alderdia izan nahi genuela», onartu zuen atzo Marta Rovira alderdiko bigarrenak. Baina independentismoaren garaipena nabarmendu zuen: «Estatuaren eraso judizial eta mediatiko guztia gorabehera, presoak gorabehera, herritarrek errepublikaren alde bozkatu dute». Espainiako Gobernuari, aldiz, «plebiszitua galdu» duela onartzeko eta negoziatzeko eskatu dio: «Bide baketsuen eta elkarrizketaren alde bozkatu dugu».

Emaitza epero baino txikiagoa izanik ere, ezin uka historikoa denik: azkenekoz bozetara bakarrik aurkeztu zenetik ia dozena bat eserleku irabazi ditu —boto guztiak artean zenbatu gabe—. Areago: zazpi urtean, hirukoiztu egin da haren ordezkaritza, eta hamar diputatu izatetik parlamentuko alderdi nagusietako bat izatera igaro da. Bloke independentistaren barruan, azken pare bat urteotako negoziazioek gutxien higatu duten alderdia ere bada ERC; Junqueras —gaur egun Estremerako espetxean— PDECaten eta CUPen arteko erdibide gisa agertu da askorenbegietara.

CUP

Gobernuaren zapata barruko harria, uste baino higatuago

2012an lehenbiziko aldiz parlamenturako bozetara aurkeztea erabaki zuenetik, tinko eutsi dio independentziaren aldeko jardunari CUP antikapitalistak. Lehenbiziko legealdian (2012-2015), ospe handia lortu zuen Katalunian eta bertatik kanpo: bere hiru diputatuek gogor estutzen zituzten gainerako alderdiak, subiranista boteretsuak zein unionistak. 2015eko bozetan hirukoiztu egin zen CUPen boto kopurua: hamar diputatu lortuta, gehiengo independentista bermatzeko giltza bihurtu zen hartara. Boom baten moduan bizi izan zuen ezker independentistak. Ordutik, Junts Pel Siren zapatako harri txiki baten moduan funtzionatu duCUPek: koalizio subiranista nagusiak zalantzak zeuzkanero edo barne liskarretan kateatzen zenero, hark gogorarazi dio independentziarantz mugitzea zela helburua. Parlamentuko korridoreetan, askok aitortzen diote prozesu subiranista heldu den lekura heldu izanaren meritua.

Azken bi urteotako fronte subiranistak, ordea, faktura ere ordainarazi dio: katalanismo kontserbadorearekin dantzatu beharrak higatu egin du. 2015eko boom hura nekez errepikatuko zela jakinda ere, gutxik espero zuten hainbesteko galera. Gaueko 23:20 aldera atera zen atzo Carles Riera zerrendaburua jendaurrera. Animoz hitz egin zien alderdiko militanteei, oro har aurpegi luzeak suma zitezkeen arren. «Lau helburu geneuzkan», ekarri zuen gogora: «Parlamentuan gehiengo errepublikazale bat lortzea; gehiengo horren barruan, gehienak ezkerrekoak izatea; parlamentu osoan, ezkerreko gehiengo bat egotea; eta, alderdi gisa, aurreko emaitzak hobetzea. Hara: lau horietatik bi behintzat lortu ditugu». Lehenengo biak, hain zuzen ere: «Errepublika eraikitzen lagundu dugu, eta pixka bat errealagoa bihurtu dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.