Sute bat piztu da Zallako Las Lagunas zabortegian

Lehen hipotesien arabera, tximista baten ondorioz gertatu da sutea. Iazko urtarrilean ere beste bat piztu zen leku berean

Orduak behar izan zituzten Zallako Las Lagunas zabortegiko sutea itzaltzeko. JUNE PRIETO/FOKU.
2018ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Atzo goizaldean sute bat piztu zen Zallako (Bizkaia) Las Lagunas zabortegian. Ez da oraindik argitu zerk eragin zuen, baina, lehen hipotesien arabera, tximista baten ondorio izan daiteke. Zabortegia kudeatzen duen CESPA enpresaren arabera, prentsatutako paper meta bat jo zuen tximista batek, eta berehala hartu zuen su zabortegiak. Abisua jasotakoan, suhiltzaileak hara joan ziren; ordu gutxian hartu zuten kontrolpean, baina sua erabat itzaltzeko lanek luze jo zuten. Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi zuen ez zela kalterik izan ez ingurumenean ezta herritarrengan ere, baina Zallako zabortegiak hondakin kutsagarriak hartu izan ditu hainbat urtez; besteak beste, Zabalgarbi erraustegiko eskoriak.

Goizeko seiak aldera piztu zen sutea. Bizkaiko Suhiltzaileek Balmaseda eta Uriote parkeetakoko langileak igorri zituzten itzaltze lanetara. Bizkaiko Diputazioaren arabera, sutea «kontrolpean» egon zen denbora guztian, eta, ondorioz, ez zuen hedatzeko arriskurik izan. Hala ere, onartu zuen «zaila» izaten ari zela sutea erabat itzaltzea, paperen ezaugarriengatik; urarekin itzali beharrean, beste baliabide batzuk erabili zituzten sua «itotze» aldera, hala nola aparra. Behin sugarrak kontrolpean edukita, Balmasedako suhiltzaileak ingurua zaintzen gelditu ziren. 17:00ak aldera joan ziren suhiltzaileak Zallatik, sugarrak itzali ondoren. Hala ere, kea dario zabortegiari, eta berotasuna nabari da erretako eremuan.

Zallako Udalak adierazi zuen CESPA enpresako arduradunekin eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri zela, egoera «kontrolatzeko», baita ingurumenean eragindako kalteak ebaluatzeko ere. «Ondo aztertu behar da sua zerk piztu zuen. Ezbeharra gertatu aurretik, bitartean eta ondoren protokoloak bete al diren ziurtatu behar da», esan zuen Javi Portillo alkateak (Zalla Bai).

2005etik zabalik

Atzokoa ez zen izan Zallako zabortegian sua piztu zen lehen aldia. Iazko urtarrilean ere sute batizan zen, eta, orduan ere,ez zen argi geratu zerk eragin zuen.

Zabortegi pribatua da Las Lagunas. 2005ean zabaldu zuten, Zallako Udalaren eta CESPA enpresaren arteko hitzarmen baten ondorioz. Orduan EAJ zegoen udal gobernuan: baimena eman zion enpresari zabortegia 2023ra arte kudeatzeko. Zabortegia hondakin geldoak eta ez-arriskutsuak hartzeko sortu zen arren, proiektua moldatu egin zuten, eta hondakin kutsagarriak ere hartu izan ditu. Horien artean, Zabalgarbi erraustegiko eskoriak. Zalla Bai plataforma udalera heltzearekin batera, egoera aldatu egin zen: zabortegiaren zati bat ixtea eta berreskuratzea adostu zuen CESPArekin, baita hondakin lixibatuak tratatzeko araztegi bat eraikitzea ere.

Zallako herritarrak hainbatetan mobilizatu izan dira zabortegiaren kudeaketaren aurka. 2016an, gas isuriak eta usain txarrak eteteko neurriak eskatu zizkieten CESPAri eta erakunde publikoei, eta eskariaren aldeko sinadurak bildu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.