«Sentikortasuna duten izaki bizidunak» dira maskotak atzotik

Hego Euskal Herrian, bikote bat banatzen denean, ados jarri ezean epaileak erabakiko du etxeko animalia norekin joango den

Txakur batzuk paseoan, Trapagaranen (Bizkaia), artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE/ FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian, atzotik indarrean dago etxeko animaliak sentikortasuna duten izaki bizidun gisa izendatzen dituen lege berria; orain arte, gauza bezala izendatuta zeuden. Batez ere, haien jabeak banatzen edo dibortziatzen direnetan izango du eragina legeak, baina baita etxeko animaliak galdu eta norbaitek aurkitzen dituenean ere, besteak beste. Espainiako Kongresuak Voxen aurkako botoarekin eta PPren abstentzioarekin onartu zuen Abenduaren 15eko 17/2021 legea, eta, legez ezarritako denbora igarota, indarrean dago atzotik.

Animalien ongizatea lortzeko bidean, beste hainbat lege ere onartu asmo dituzte. Espainiako Kongresuan, adibidez, Unidas Podemosek lege bat onartu nahi du animaliak arrazoirik gabe hiltzea debekatzeko eta dendetan animaliarik ez saltzeko, besteak beste. Eusko Legebiltzarrean ere animaliak babesteko lege proposamena tramitatzen ari da. Harrera zentroetan animaliak hiltzea debekatu nahi dute, baita animalien arteko borrokak eta animaliekin egiten diren zirkuetako eta ferietako ikuskizunak ere.

Atzotik indarrean den legeak, ordea, aldaketa arinagoak eragingo ditu. Hauek dira aldaketa nagusiak:

BANAKETAK

Etxeko animalia bat duen bikote bat banatzen denean, ados jartzea lortzen ez badute, epaileen esku egongo da animalia norekin egongo den erabakitzea. Erabaki hori hartzeko garaian, animaliaren eta familiako kideen ongizatea kontuan hartu beharko dute, legeak jasotzen duenez, eta epaileak haren zaintzagatik eta mantenuagatik sortutako gastuak ordainarazi diezazkioke beste jabeari.

Epaileek kontuan hartuko dute, halaber, etxeko animaliak ere mina eragiteko tresnatzat erabil daitezkeela dibortzio kasuetan. Horrenbestez, erabaki ahal izango dute umeak gurasoetako batengana ez joatea, horrek animaliari tratu txarrak eman badizkio edo hari min egingo diola esanez mehatxatzen baditu, indarkeria bikario edo indarkeria matxista modura umeen beste gurasoa kontrolatzeko edo biktima bihurtzeko helburuarekin.

GALDUTAKO ANIMALIAK

Galdutako animaliei dagokienez, aurkitzen duenak jabeari itzuli beharko dio derrigorrez, eta aukera izango du zaintzagatik edo hura sendatzeagatik izandako gastuen ordaina eskatzeko. Hala ere, salbuespen bat egongo da: tratu txarrak jasan dituen zantzuak sumatu, edo abandonatuta egotearen itxura hartzen badio, ez dio zertan itzuli jabeari, baina arlo horretan eskuduntzak dituzten agintariei jakinarazi beharko die egoera.

JABEAREN HERIOTZA

Animalia baten jabea hiltzen den horietan ere, legeak arautzen du zer egingo duten animaliarekin. Hainbat egoera zehaztuta daude. Jabeak aurrez adierazi ez badu animalia noren zaintzapean geratuko den, jabea hiltzean hura eskatzen duten senideei emango diete. Batek baino gehiagok eskatzen badute eta ez badute lortzen ados jartzea, epaileak erabakiko du norekin joango den, betiere, animalia horren ongizatea kontuan izanda; kontrara, inork ez badu animaliaren kargu egin nahi, administrazioak aukera izango du beste norbaiti emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.