Segurtasun neurri oso zorrotzak izango ditu G7koen agorrileko bilkurak

Miarritzeren zati handi bat erabat itxiko dute eta kontrol zorrotzak ezarriko dituzte. Manifestazio debekuak izanen dira «eremu zabal batean»
Gilbert Payet eta Herve Jonathan, atzo, Miarritzen.
Gilbert Payet eta Herve Jonathan, atzo, Miarritzen. BOB EDME

Ekhi Erremundegi Beloki -

2019ko urtarrilak 24
Hiria bunkerizatua izanen dela iragarri hiritarrak lasaitzen entseatuz. Ariketa zaila zuen atzo Gilbert Payet Pirinio Atlantikoetako prefetak Miarritzen heldu den agorrilaren 24, 25 eta 26an iraganen den G7koen gailurraren harira hartuko dituzten neurriak aurkezteko prentsaurrekoan. Ondoan zituen Michel Veunac Miarritzeko auzapeza eta Herve Jonathan Baionako suprefeta. Neurri zorrotzak aurkeztu zituen, une oro miarriztarren egunerokoari ahalik eta gutxien kalte egiten entseatuko direla azpimarratuz.

Bi segurtasun zona prestatuko dituzte agorrilaren 23tik aitzina. Lehena, erabat itxia, itsasargitik Bellevue kasinoa arte izanen dena. Perimetro horren barruan bizi den orok identifikatua izan beharko du, eta gunera sartzean edo edozein kontroletan erakutsi beharko dute identifikazioa. Ibilgailuen aparkatzea eta zirkulazioa debekatua izanen da eremu horretan. Bigarrena, zabalagoa, Miarritze erdigunetik harago joanen dena. «Elementu asaldagarriak blokeatzeko marjina emanen digu», azaldu du Payetek. «Badakigu desiragarria ez den jendea hurbilduko dela, gailur guzietara bezala. Lehen zonaraino hurbilduko balira biziki txarra litzateke irudiarentzat», gaineratu du. Bigarren zona horretan ere identifikazioa beharrezkoa izanen da, eta bizitzaileek eta profesionalek eskatzen ahalko dute. Garai horretarako bizitegia alokatu duten turistek ere identifikazioa eskatzen ahalko dute. «Hasieran, zona hori askoz ere zabalagoa zen, baina ahalik eta gehien apaltzea lortu dugu», esplikatu du Veunacek, segurtasun neurriek eztabaidak eragin dituztela aditzera emanez. «Edonork erabaki dezake egun horietan Miarritzera ez etortzea, Miarritzen bizi direnek edo bizitegia dutenek erabaki dezakete egun horietan Miarritzen ez gelditzea. Horiei ez diegu identifikaziorik eskatuko», adierazi du prefetak.

Gailurrak iraunen duen lau egunetan zehar garraioa ere kontrolatuko dute. Miarritzeko aireportua «neutralizatua» izanen da, eta eremu zabal batean itsasoz eta airez izanen diren mugimendu guziak zainduko dituzte. «Momentu jakin batzuetan» errepide batzuk «pribatizatzea» ere aurreikusi dute.

Azkenik, «eremu zabal batean» manifestatzeko debekua ezarriko dutela iragarri du Payetek. Eremu hori zehazteko eskatuta, hona erantzuna: «Ez dugu zehaztua baina Baiona-Angelu-Miarritze eremua baino askoz ere zabalagoa izanen dela pentsa daiteke. Ez dut ikusten nola baimendu genezakeen manifestazio bat Baionan».

Lurraldearen erakusleihoa

Veunacek behin baino gehiagotan errepikatu du lurraldearen erakusleihoa izateko baliatuko dutela gailurra. Tokiko enpresak kontratatuko dituzte ahalik eta gehien parte hartuko dutenek bertan kontsumi dezaten ahaleginak eginen dituzte. Mundu guziko 3.500 kazetari espero dituzte Iarti gelan prestatuko duten prentsa aretoan: «Joan-jinkariak emanen ditugu Miarritze erdigunera, hango komertzioek balia dezaten».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna