Elkarrizketari buruzko elkarrizketan trabatuta

Atzeratu egin da Hondarribiko alardeaz Jaizkibel konpainiak eta Alarde fundazioak urteetan egin beharreko lehen bilera, desadostasunengatik

Tentsio handia izan zen iaz Jaizkibelen desfilean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Lehen bilera lotzea ere ez da erraza izaten ari. Ia hogei urtean lehen aldiz, astelehenean ziren elkartzekoak Hondarribiko (Gipuzkoa) alardearen inguruko gatazkako bi aldeak, Alarde fundazioa —desfile baztertzailearen antolatzailea— eta Jaizkibel konpainia parekidea, baina azken unean bertan behera geratu zen batzarra, baldintza nahikorik ez eta. Hala berretsi zuen atzo Jenny Pearce antropologoak; azken asteetan elkarrizketa prozesuaren «bideratzaile» lanetan aritu da, eta aitortu du aurrerapausoak izan direla «elkarrizketa posibleari buruzko elkarrizketan», baina denbora gehiago behar dela «oinarriak ezartzeko, bilera lasaia eta emankorra izan dadin».

Iazko irailaren 8ko tentsiorik izan ez dadin aurten, helburu horrekin abiatu dute prozesua. Izan ere, aspaldiko desfilerik bortitzena izan zuen Jaizkibelek: plastiko beltzez gain, txistuak eta irainak izan ziren berriz Kale Nagusian; «atzerapausotzat» jo zuten ordezkari politiko guztiek. Hurrengo hiletan, Gipuzkoako Aldundiak elkarrizketa prozesu bat abiatu zuen gatazkan zeresana zuten eragileekin eta pertsonekin, isilpean, baina diskrezioa hautsi zuen Alarde fundazioak otsailean: prozesua desestali, eta beste espazio bat proposatu zuen.

Berritasun handi bat ekarri zuen mezu hark, ordea: Jaizkibelekin hitz egiteko borondatea agertu zuten andreen parte hartzearen aurkakoek. 1996an piztu zen alardeen inguruko gatazka Irunen eta Hondarribian, eta, hasierako urte haietan konponbidea bideratzeko bilera batzuk egin zituzten arren, mende hasieratik ez da antzeko topagunerik izan; areago, gatazka bazela ere ukatu izan dute desfile baztertzailearen aldekoek. Dena den, baldintzak ezarri zituen Alarde fundazioak: kanpoko eragileen bitartekaritzarik gabe, Hondarribiko udaletxean biltzea proposatu zuen, eta Txomin Sagarzazu alkatea (EAJ) izatea moderatzaile. Udalak ez dio inoiz harrerarik egin Jaizkibeli alarde egunean, baina, hala ere, eskaintza onartu egin zuen konpainia parekideak.

Hain justu, lehen bilera egin ahal izateko baldintzak zehazten ari ziren: partaideak, hitz egiteko tarteen iraupena, akta nola jaso... Xehetasun horiek lotzen laguntzen ari zen Jenny Pearce, udalak eskatuta, eta hark ebatzi zuen asteleheneko bilera atzeratzea, desadostasunak bideratu arte. Alarde fundazioak, sare sozialetan argitaratutako ohar batean, Jaizkibeli leporatu dio bilerarik ez egitea, baina Pearcek adierazi du berea izan dela erabakia: «Elkarrizketara deitutako alde guztiek erantzun diete eskaerei, eta denek eman dituzte ideiak bilera errazteko formularik onena lortzeko. Ez da inongo talderen errua atzoko bilera gertatu ez izana. Elkarrizketaren formularen inguruan lan gehiago egiteko beharrean oinarritutako erabakia izan zen».

Pearce, baikor

Gatazkaren inguruan Pearcek publikoki eginiko lehen adierazpena izan zen atzokoa —Alardeak, ukatutako plazara liburuan emandako azalpenez gain—, baina urteak daramatza auzia aztertzen. Bake prozesuetan aditua da; Gipuzkoako Diputazioak eskatu zion bideratzaile lanetan hasteko, Bildu agintean izan zen garaian, konponbide prozesu bat abiatzeko asmoz. Aurreko legegintzaldian, ordea, zalantzan izan zen Pearceren rola, eta duela hilabete gutxi elkarrizketa prozesua abiatu zuenean, aldundiak kanpoan utzi zuen antropologoa.

Hondarribiko Udalak eskatuta itzuli da; hain justu, udalaren webgunean zabaldu dute Pearceren oharra. Auziaren konplexutasunaz jakitun den arren, baikor mintzatu da elkarrizketaz. Esker ona adierazi die alde guztiei azken asteetan egindako lanagatik, eta nabarmendu du «elkartzeko eta hitz egiteko borondate ona eta prestasuna» agertu dutela denek, alarde eguneko tentsioa murrizte aldera: «Fokua puntu komun horretan jartzeko eskatzen dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.