Arrazakeriari lotutako gorroto delituen igoera antzeman dute Nafarroan

Egoeraren diagnostikoa egin du Nafarroako Gobernuak. Ehundik gora ekarpen jaso dituzte, eta plan bat onduko dute, abendurako

Elhadji Ndiayeren heriotza salatzeko protesta, Iruñean. EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Nafarroa «ez da esparru arrazista bat», baina kezka eragiten du «gorroto delituen goranzko joerak». Ondorio horretara iritsi da Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentua, ondu berri duen diagnostikoan. Ehundik gora eragilek, erakundek eta norbanakok parte hartu dute diagnostikoa prestatzeko prozesuan, eta, bertan bildutako informazioa aintzat hartuta, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Plana prestatuko dute, 2021-2026 aldirako.

Diagnostikoaren aurkezpena egin zuten atzo Migrazio Politiketako kontseilari Eduardo Santosek, departamentuko zuzendari nagusi Patricia Ruiz de Irizarrek eta A Coruñako Unibertsitateko (Galiza) ikerlari Obdulia Taboadelak. Azken horren esanetan, arrazakeriari lotutako gorroto delitu «gutxi» detektatzen dira Nafarroan, baina «goranzkoan dira» urtetik urtera. Taboadelak nabarmendu zuen, gainera, delitu ugari «oharkabean» pasatzen direla, estatistiketan arrastorik utzi gabe, biktimek ez dutelako salaketarik aurkezten: «Europako Batzordearen arabera, gorroto delituen %80 inguru ez dira salatzen, eta horrek kezkatzen gaitu». Salaketa kopuru urria dela eta, biktimen eta erasotzaileen soslaiak egitea «ezinezkoa» dela gaineratu zuen ikerlariak.

Arrazakeriari eta xenofobiari lotutako beste kasu batzuk ere aztertu dituzte diagnostikoan. Taboadelak esan zuen etxebizitzaren eta enpleguaren esparruetan antzeman dituztela bazterketa kasu gehienak: «Lanpostu baterako hautaketa prozesuetan edo etxebizitza bat alokatzeko tenorean, izen edo deitura jakin batzuk aipatzeak ekar dezake pertsona hori prozesutik baztertua izatea».

Diagnostikoaren fasean, emakume migratzaileek, ijitoek eta atzerrian jaio baina Nafarroan eskolatutako eta sozializatutako gazteek parte hartu zuten. Fase horren ostean, plana idazteari ekinen diote A Coruñako unibertsitateko adituek, zenbait eragilek osatutako lantaldeen laguntzarekin. Abendurako prest izanen dutela iragarri zuten atzoko aurkezpenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.