Euskal presoen eskubideek elkartuta

Manifestazioak eginen dituzte gaur Euskal Herriko hiri eta herri batzuetan. EH Bilduk bat egin du mobilizazioekin. CCOOk «min bidegabea aitortzeko» eskatu du. PPk salaketa bat jarri du Estatuko Fiskaltzan

Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko kideak, herenegun. M. RAMIREZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Euskal Herriko hamaika herri eta hiritan barreiaturik, baina aldarri batek elkartuta aterako dira karrikara gaur milaka eta milaka herritar: euskal presoek eskubideak dituztela aldarrikatuko dute, eta horiek bete egin behar direla. Hego Euskal Herrian, Madrili eta Eusko Jaurlaritzari begira egina du Sarek deialdia: euskal preso guziak Euskal Herriratzeko eskatuko du, eta gradu progresioan dagoen blokeoa askatzeko. Baionan, berriz, Bakegileek Parisera buruz helaraziko dute mezua: hor ere, presoen gaian dagoen blokeoa salatzeko, baina, bereziki, kartzelan 30 urtetik goiti daramatzaten Ion Parot eta Jakes Esnal baldintzapean aske utz ditzatela galdegiteko.

Alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileak ere euskal presoen eskubideen aldarriak batuko ditu. Hego Euskal Herrian, Euskalduna jauregiko ekitaldian izanen da ordezkaritza zabalena: alderdi politikoen artean, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta Nafarroako Ahal Dugu egonen dira; Hego Euskal Herriko sindikatu guztiak, hots, ELA, LAB, UGT, CCOO, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT, CNT eta EHNE; EAEko Arartekoaren bulegoko ordezkaritza bat, eta giza eskubideen defentsaren eremuan lan egiten duten elkarteetako ordezkaritza zabal bat ere bai. Euskaldunako ekitaldiarekin ez ezik, EH Bilduk espresuki bat egin du arratsalderako deituriko manifestazioekin. Goizeko ekitaldian, bertzalde, Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren bozeramaileak hitz eginen du, eta han izanen dira Julen Arzuaga legebiltzarkidea eta Laura Aznal Nafarroako Parlamentuko parlamentaria ere.

Kataluniako eta Galiziako alderdi eta eragileek ere agertu dute Bilbora joateko asmoa, nahiz eta osasun egoeraren araberakoa izango den haien parte hartzea. Bertzeak bertze, atxikimendua eman dute ERCk, Juntsek, CUPek, ANCk, Omniumek, Consell per la Republicak eta BNGk.

Baionako manifestazioan ELB, FSU, eta LAB sindikatuak, Bizi, EH Bai eta Europa Ekologia-Berdeak alderdiak eta Giza Eskubideen Defentsarako Ipar Euskal Herriko Batzordea izanen dira.

Ipar Euskal Herriko manifestazioa 15:00etan abiatuko da, Baionako hiru puntutatik, eta Hego Euskal Herriko mobilizazio gehienak 17:00etan hasiko dira, herri bakoitzak zehaztu duen lekutik. Bilboko manifestazioa, adibidez, plaza Eliptikotik abiatuko da, 17:00etan, eta udaletxearen aitzinean bururatuko da.

Debeku eskea Tuteran

Sarek eta Bakegileek ez dute haize guzia alde, ordea. PPk salaketa jarri du Espainiako Fiskaltzan, eta mobilizazioak ikertzeko eskatu du. Alderdiko bozeramaile Cuca Gamarraren hitzetan, manifestazioek «biktimak umiliatzen» dituzte. Horrez gain, Tuteran, hirirako Sarek deituriko manifestazioa debekatzeko eskatu du Alejandro Toquero alkateak. Navarra Sumako politikaria AVT biktimen elkarteak egindako eskariari batu zaio, uste duelako «justua eta koherentea» dela biktimen galdea. Toqueroren ustez, hain zuzen, gaurko manifestazioaren helburua «ETAkoak izateagatik edo harekin kolaboratzeagatik zigortuak izan direnak eta talde terroristaren historial kriminal odoltsua goratzea baino» ez da.

CCOOk, berriz, eskea egin die euskal presoei: sindikatuak nahi du «eragindako min bidegabearen aitortza» egin dezatela. Halaxe erran du: «Garrantzitsua litzateke ETAko presoek eta euren sostengu erakundeek ardura historiko hori euren gain hartzea, egin eta babestu zituzten delitu larrien neurrian». Sindikatua, nolanahi ere, Euskalduna jauregian izanen da gaur.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak ere egin zituen euskal presoei buruzko adierazpenak atzo. Kazetariek eginiko galderei erantzunez erran zuen euskal presoei espetxe legedia aplikatu behar zaiela, «zuzenbide estatu batean beste edozein lege aplikatzen den moduan, lege parametrotan eta beharrezko jurisdikzio kontrolpean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.