«Burbuila zuritik» besteko begirada

Lisipe bildumako hamaikagarren zenbakia argitaratu dute Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emagin elkarteak: 'Araka ditzagun gure bazterrak: Kritika dekolonialak zeharkaturiko ibilbide bat'

Araka ditzagun gure bazterrak liburuaren aukezpena, atzo. A. CANELLADA / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2022ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
«Botere posizio zuri eta mendebaldarra birpentsatzeko eta eraldatzeko ariketa kolektibo bat da hau». Horrela definitu du Jule Goikoetxeak Araka ditzagun gure bazterrak: Kritika dekolonialak zeharkaturiko ibilbide bat liburua. Lisipe pentsamendu feministaren euskarazko bildumako hamaikagarren liburua da, eta Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emagin elkarteak egin dute elkarlanean. Atzo egin zutenliburuaren aurkezpena, Donostian.

Elene Lopetegi Euskal Herriko Bilgune Feministako kidearen arabera, «erantzunak baino, galderaz betetako maleta» dakar liburuak. Izan ere, hainbat galderari tiraka ondu dute obra, eta, besteak beste, «Euskal Herri dekoloniala» nolakoa izango litzatekeen irudikatzen saiatu dira. Lopetegik azaldu zuenez, «umiltasunetik» landu dute gaia, liburua idatzi duten kideek ez dutelako arrazakeriak eta kolonialismoak eragindako indarkeria «lehen lerrotik pairatu». Horrela, begirada dekolonialean arreta jarrita, egileek azken hamarkadan bizitako esperientziak eta hausnarketak ditu oinarri. Herri feminista bat marrazteko bidean, egileek duten botere posizioa birpentsatzeko eta desplazatzeko ariketa egin dute, «askotariko kolorez eta formez» osatutako herri bat eraikitzeko asmoz.

Hala ere, Idoia Arraiza Emagin elkarteko kidearen arabera, saiakerak galdera asko uzten ditu «irekita», ez dituztelako aurkitu planteatutako galdera guztien erantzunak, eta, oraindik, «asko» dutelako eztabaidatzeko eta adosteko.

Liburuan, besteak beste, momenturen batean egileak «burbuila zuritik atera eta klak eginarazi» dieten egoerak azaltzen dira. Arraizaren arabera, klak horiek dira gertakari batzuek sortu dizkieten hausnarketak edo haustura momentuak. Horrekin batera, egoera horiek eragindako «deserosotasun edo jakin-minarengatik» egin dituzten bilaketak ere azaltzen dira obran. Arraizak azaldu duenez, ikasitakoak euren praktika feministan txertatzeko ere baliatu dute.

Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emagin elkarteak hogei urteko ibilbidea egin dute, eta bide hori ere azaltzen da liburuan, eta, horrela, egileek nondik hitz egiten duten eta liburua idaztera nola iritsi diren azaltzen dute. Duela bi urte Bilgune Feministak antolatu zituen Emakume abertzaleen VIII. topaketa feministak ere ditu hizpide saiakerak. Arraizaren esanetan, mugarri «inportantea» izan zen jardunaldia, eta, obran, topaketa horien kronika «oso osatu bat» jasotzen da.

Horrez gain, etorkizunerako erronkak ere planteatzen dituzte. Horrela, Euskal Herriko Bilgune Feministaren barruan zein Emagin elkartearen barruan jarraitu beharreko ildoak planteatzen dituzte. Gainera, agenda antiarrazista bat osatzeko orduan lehentasunak zeintzuk izan beharko liratekeenproposatzen dute, baita Euskal Herri dekolonial bat osatzeko bidean jarraitu beharreko ibilbidea zein izan beharko litzatekeen ere.

Hori guztia kontuan hartuta, egileek zenbait ariketa planteatzen dizkiete irakurleei; hausnarketarako tresna gisa erabiltzea, adibidez: «Noiz ohartu naiz ni zuri bezala ere pribilegio batzuk ditudala? Edo agian ez diot inoiz galdera hori egin neu buruari». Norberak bere buruari galderak planteatzeaz gain, gizarteari erreparatzea ere proposatzen dute, ikustea «sozialki nola ari garen arrazakeria hori baimentzen», eta, horrela, arreta konplizitate horretan jartzea.

Indibidualetik kolektibora

Ahots indibidualez osatutako «ibilbide kolektibo bat» kontatu nahi izan dute liburuan, eta, hori jasotzeko, barne mailan izandako formazio eta mintegiak, jardunaldiak, eta mahai inguruak erabili dituzte; horietan jasotako informazio eta hausnarketekin ondu dute obra. Horrekin batera, sakoneko elkarrizketak ere egin dizkiete Bilgune Feministan izandako azkeneko hiru koordinatzaileei, elkarteak nolako ibilbidea izan duen jasotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.