Egiturazko neurriak sustatzeko hitzarmen bat proposatu du EH Bilduk

Ongizate Hitzarmenak hamar neurri jaso ditu: bost «ongizatearen oinarri materialak bermatzeko», eta beste horrenbeste aberastasuna banatzeko

Pello Otxandiano, atzo, Donostian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko urriaren 6a
00:00
Entzun

«Garaia da eztabaida ekonomiko handi bat irekitzeko, gure historia modernoan aurrekorik ez daukan eztabaida bat», azaldu du EH Bilduko Programa zuzendari Pello Otxandianok. Koalizio subiranistak hamar puntuko Ongizate Hitzarmena aurkeztu du, zerbitzu publikoen «degradazioari» eta desparekotasun sozialen gorakadari aurre egiteko. Aurkezpenean, «gizarte itun handi baten» alde egin dute: «Errenta itun espainiarren aurrean, ongizate itun handi bat Euskal Herrian».

 

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik egungo egoeraren analisi orokor bat egin du, hauei erreferentzia eginda: Ukrainako gerraren ondorioei, joera autoritario eta neofaxisten gorakadari, eta «atarian» dagoen atzeraldi ekonomikoari. Uste du «eskema zaharrak» atzean utzi eta erronka berriei erantzuteko egiturazko neurriak hartzeko garaia dela: «Neurri aringarriak bai, baina berandu goaz neurri estrukturalei dagokienez».

«Mundu berri baterantz goaz», gehitu du Otxandianok, «baliabide ekonomikoak urriak izango diren» garai baterantz. Hala, azaldu du «eztabaida ekonomiko bat» hasteko garaia dela, hiru ardatz hartuta: «baliabide urriko eta karbono gutxiko ekonomia batean» ekoitzi beharrekoa, aberastasunaren birbanaketa politikak, eta inbertsio politikak. «Lehentasunak birdefinitu behar dira. Garapen eredua egokitzera behartuta gaude».

Otxandianok uste du EH Bilduk aurkeztutako neurriak luze gabe egingarriak direla, baina azaldu du borondatea behar dela horretarako. Izan ere, adierazi du enpresek, sindikatuek eta bestelako eragileek ere parte hartu behar dutela prozesuan, alderdi politikoez eta instituzioez gain.

Proposamenean jasotako neurrietako bost «ongizatearen oinarri materialak bermatzera» zuzenduta daude. Horien artean, energia «prezio justuan» lortzeko helburua nabarmendu dute; besteak beste, energia enpresa handien irabaziak zergapetuz, eta laguntzak ezarriz norbanakoentzat, enpresa txikientzat eta autonomoentzat. Horrez gain, hitzarmenak ere jaso du baliabide ekonomikoak jartzea etxebizitzen efizientzia energetikoa hobetzeko, eta energia berriztagarrien azpiegituren jabego eredu publiko-komunitarioa garatzea.

Zerbitzu publikoei dagokienez, hezkuntza, osasungintza eta garraioa dira ardatzetako batzuk. Argudiatu dute EAEko Hezkuntza Lege berria erabili behar dela «Euskal Hezkuntza Sistema Propiorako trantsizioa» egiteko. Etxebizitzari dagokionez, berriz, Espainiako Etxebizitza Legearen inguruko eztabaidan fronte komun bat adostearen alde egin du, etxebizitza «eskubide gisa» uler dadin. Ongizatea bermatzeko neurri sortaren barruan aipatu dute soldaten eta pentsioen igoera ere, KPI kontsumo prezioen indizearen gorakadari aurre egiteko.

Banaketa «arduratsua»

Aberastasuna banatzeko neurriek ere bost ardatz nagusi dituzte. Koalizio subiranistak «zerga sistema justu eta progresibo bat» du helburu, eta horretarako erreforma fiskal bat egitearen aldekoa da; besteak beste, Aberastasunaren eta Fortuna Handien Zerga bat ezartzeko, zerga guztien eskumenak Hego Euskal Herriko instituzioen esku egoteko, eta PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan zenbait neurri berri txertatzeko.

Erreformarekin batera, enpresen irabazien banaketa «arduratsu eta eraginkor baterako akordio interprofesional bat» bultzatzea proposatu du, langileen soldatak eta enpresaren inbertsio beharrak kontuan hartuko dituena. Hala, EH Bilduk «euskal enpresa eredua» sustatu nahi du: «kanpoko kapitalari saltzen ez dena», «langileen parte hartzea sustatzen duena», eta «Euskal Herriaren garapen endogenoarekin konprometitzen dena».

Erakunde publikoen inbertsio politiketan, berriz, koalizioak uste du lehentasun berriak ezarri behar direla: elikadura, klima larrialdia, industriaren eraldaketa, trantsizio energetikoa eta zerbitzu publikoak. Koalizioak 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko negoziatzera ere deitu ditu Hego Euskal Herriko gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.