Jaurlaritzak Emakunderi galdetuko dio 2024ko M-8a jaiegun izendatu aurretik

Eusko Legebiltzarrean ez dago adostasunik jaiegun horren inguruan. Oposizioak «prozesu oso bat eta hausnarketa» eskatu ditu

Legebiltzarkideak bozkatzen, atzo, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU.
xabier martin
2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Lan sailburu Idoia Mendiak berriki egin duen proposamenak, 2024ko Martxoaren 8a jaiegun izendatzeak, ez du babes zabalik izan Eusko Legebiltzarrean. Proposamen hori ez baita egin «behar bezalako prozesu baten ondoren», oposizioko taldeen arabera, baizik eta «oportunismoarekin».

Elkarrekin Podemosen legez besteko proposamen batek eraman du eztabaida legebiltzarrera; lan egutegian jaiegunak izendatzeko helburuz efemeride feministak aztertzeko proposamen horri EAJk eta PSE-EEk egindako osoko zuzenketa bat atera da aurrera, ordea. Idatzi horrek «emakumeen berdintasunaren aldeko borroka aitortzeko eta haien memoria historikoa berreskuratzeko konpromisoa» aipatzen du, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio «hausnarketa prozesu bati ekiteko, Emakunderekin eta gizarte eragileekin batera, 2024ko lan egutegian efemeride feministak izendatzeko».

Hau da, ganberak ez du onartu 2024ko Martxoaren 8a lan egutegian jaieguna izatea, baina ez dio bidea itxi aukera horri, eta hauteskundeen atarian Mendiak egin duen proposamenak bere bidea egingo du, baina Emakunderen eta gizarte eragileen iritzia aintzat hartuz aurrerantzean.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek beste idatzi bat aurkeztu dute. Azaldu dute ondo deritzotela feminismoarekin lotutako jaiegun bat izendatzeari, baina horretarako «behar bezalako prozesua» egin behar dela. Oihana Etxebarrieta koalizio abertzaleko legebiltzarkideak esplikatu du eguna aukeratzea baino gehiago «prozesua bera» dela garrantzitsuena ekinbide horretan. «Mugimendu Feminista zaintzarekin loturik mobilizatzeko proposamena egiten ari da», gogoratu du.

«Greba feministak ekarri gaitu gauden lekura, eta feministek ez dute nahi inoren zaintzarik festa egunak izendatzeko», ziurtatu du. Horregatik, EH Bilduk ez du baztertu efemeride feminista gisa jaiegun bat ezartzea, baina ez dator bat 2024ko Martxoaren 8a jaiegun izendatzearekin, nahi baitu jaiegun horrek «ahalmen eraldatzailea» izan dezala hurrengo urteetan ere. «Emakumeen aldeko borrokaren eguna herritarrena da, ez gobernuena. Herritarrek ez dute eskatu hau».

Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Miren Gorrotxategik uste du ez dagoela denbora nahikorik «elkarlana eskatzen duen prozesu bat egiteko» 2024ko Martxoaren 8a izendatu aurretik. Gorrotxategik azaldu du jaiegun hori ez dela nahitaez Martxoaren 8an ezarri behar, eta feminismoaren barruan lan egiten dutenekin batera egin behar dela prozesua, kasurako Emakunderekin batera. «Zer nahi duzue, feministak lanera joatea Martxoaren 8an protesta gisa, haiek alde batera utzi direlako hura izendatzean?», galdetu die PSEko ordezkariei.

Eragileen esanak entzun

EAJko legebiltzarkide Maitane Ipiñazarrek adierazi du Mendiak eskuduntzak badituela Martxoaren 8a jaiegun izatea proposatzeko, eta, beraz, «zilegi» dela proposamena egitea, baina izendapen hori egiteko «hausnarketa prozesu bat» egin behar dela lehen-lehenik. «Eragileek zer dioten entzun behar dugu. Denon artean egin behar dugu, denok nahi dugulako jaiegun hori izendatu». EAJk, azkenerako, ez du argitu 2024ko Martxoaren 8a jaieguna izendatzearen alde ote dagoen, bere posizioa hausnarketa prozesu horren mende jarri duelako.

PSE-EEk ere horrela egin du, baina Mendiaren proposamena defendatu du, eta Ekain Rico legebiltzarkideak argi utzi du 2024an Martxoaren 8a festa eguna izateko lan egingo duela haren alderdiak. «Ez da serioa Elkarrekin Podemosek berriki prentsa ohar batean gustura hartzea lehendakariordearen proposamena eta orain hausnarketa eskatzea», kritikatu du Ricok.

Bestalde, Mendiak aurreratu du 2024ko Maiatzaren 8a ez badute jaiegun izendatze, San Jose eguna litzatekeela haren ordezkoa, martxoaren 19a, aitaren eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.