UEMAk ehun kide baino gehiago izango ditu hilaren 25etik

Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria gehituko dira mankomunitatera. UEMAk ekitaldia egingo du Azpeitian

Arrankudiagako, Arruazuko, Doneztebeko eta Etxebarriko udaletako eta UEMAko ordezkariak, atzo, Arruazun. UEMA.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Arrankudiaga (Bizkaia), Arruazu (Nafarroa), Doneztebe (Nafarroa) eta Etxebarria (Bizkaia) UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide bihurtuko dira martxoaren 25ean. Udal horiekin, ehun kide baino gehiago izango ditu UEMAk, eta langa sinbolikoa gaindituko du. Zehazki, 101 udalek osatuko dute mankomunitatea, eta guztien artean 305.000 biztanleko lurgunea osatuko dute.

Hori ospatzeko, ekitaldia egingo dute Azpeitiko (Gipuzkoa) Soreasu antzokian martxoaren 25ean, 11:00etan, «udalerri euskaldunek euskararen biziberritzeari eta herri honi egiten dioten ekarpena nabarmentzeko». Oholtzan izango dira Ines Osinaga musikaria, Elene Carreto dantzaria eta Jon Maia bertsolaria, besteak beste.

101 udal horiek «euskaratik eta euskaraz herri honi egiten dioten ekarpena» aitortzea eta eskertzea izango da Azpeitiko ekitaldiaren helburuetako bat, Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariaren arabera. Horregatik, udaletako alkate eta ordezkariez gain, herri horietako euskalgintzako kideak ere izango dira Soreasu antzokian egingo duten ekitaldian. Atzo, Arrankudiagako, Arruazuko, Doneztebeko eta Etxebarriko alkateak UEMAko arduradunekin elkartu ziren Arruazun, eta lau alkateek adierazi zuten «gogotsu» daudela UEMArekin lanean hasteko. Azaldu zuten udalei «eredugarri» izatea dagokiela, eta, horretarako, hainbat neurri areagotuko dituztela, udalerriak euskalduntzeko zerbitzuak UEMArekin landuta.

Udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek duten garrantzia nabarmendu zuen Lazkanok: «Euskararen erdia udalerri euskaldunetan ekoizten dela adierazten dute adituek eta soziolinguistek. Ekoitzi ez ezik, biziberritu ere egiten da euskara udalerri euskaldunetan, belaunaldiz belaunaldi, modu naturalean». Erantsi zuen horrek «egundoko eragina» daukala euskararen erabileran, udalerri euskaldunetan herritarrek beste herri batzuetara zabaltzen dutelako euskara. Horregatik, Lazkanok adierazi zuen «ezinbestekoa» dela herri horiek zaintzea, babestea eta garatzea.

Erronka berriak

Lazkanok azaldu zuen udalerri euskaldunak aldatu egin direla azken urteotan, eta erronka berriak dituztela euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala leuntzeko. UEMA bera ere aldatu egin dela esan zuen lehendakariak: «Gaur egun, UEMAn daude euskararen arnasguneak, baina badakigu UEMAko kide diren udal guztiak ere ez direla euskararen arnasguneak. Udalerri euskaldun horiek ere, ordea, funtsezkoak dira euskararen etorkizunerako. Udalerri horiek datozen urteetan izaten duten bilakaera garrantzitsua izango da euskararen biziberritzean; eta guztietan, arnasguneetan zein udalerri euskaldunetan, izango da beharrezkoa politika ausartak egitea eta euskara nagusituko den eremua indartzea».

Horretarako, konpromisoa hartu dute UEMAko udalek, Lazkanok azaldu zuenez: «Gure egitekoa izango da arnasguneei eustea eta gainerako udalerri euskaldunak ere arnasgune izan daitezen lan egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.