Desfileek «kointzidi» ez dezaten ari da udala

Hondarribiko Udalak aintzat hartu du alarde baztertzailearen aldekoen aspaldiko eskea: ordutegia aldatu nahi du. Jaizkibel konpainiako kideek diote beraiei ez dietela ezertxo ere jakinarazi

Jaizkibel konpainia, iaz, Kale Nagusian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Hondarribiko jaietan (Gipuzkoa) urtero egiten duten alardean, iragan urteotan ohikoak izan dira desfileen ordutegiak aldatzeko eskariak, alarde parekidearen kontra dauden herritarrek eginak. Desfilatzen irteten diren andreei arbuioa erakusteko plastiko beltzen ondoan erakutsi dituzte usu, era parekidean desfilatzen duen konpainia bakarra —Jaizkibel— Kale Nagusian desfilatzen ikusi behar dutelako kexu. Eta Hondarribiko Udalak eskaera hori aintzat hartzeko asmoa azaldu du. Atzo goizean jakinarazi zuen Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk (EAJ), jaien egitaraua aurkezte aldera deitutako agerraldian. «Lekuan ezinezkoa da kointzidentziarik ez izatea; denboran ez kointziditzeak lagundu egingo luke». Desfileen ordutegiak aldatzeko asmoa dute.

Helburu jakin bat luke aldaketak: alarde parekidearen kontrakoek Jaizkibel ez ikustea, eta konpainia hori jaiaren une eta gune nagusitik kanpo uztea. Bi hamarkada baino gehiago dira herri horretan andreak alardean parte hartzeko eskatzen ari direla, baina oraindik ez dute lortu desfile nagusian onartuak izatea, eta keinu itsusi artean desfilatu behar izan dute beti. Kale Nagusian ikusten dira gaur egun halako imintzioak: gainerakoan, onespen keinuak gero eta orokorragoak dira. Iaz, hala ere, gogortu egin zen kontrako giroa, eta alkatearen proposamena horrekin lotuta dagoela dirudi. Pentsatzekoa da eragina izan duela egunotan alarde baztertzailearen aldeko hainbat eremutan hauspotu duten kanpainak ere; herritarrak bultzatu dituzte udalera jotzera irailaren 8an beren «segurtasun fisikoa» bermatu behar dela esanez. Iaz Jaizkibel aurretik igaro zenean «eraso fisiko zein hitzezkoak» pairatu zituztela argudiatzen ari dira, eta neurriak hartu behar direla halakoak eragozteko.

Jaizkibel konpainiako kideek salatu dute hedabideen bidez izan dutela alkatearen hitzen berri. Udalak desfilatzeko baimena lortzeko erarik ez diela eman adierazi dute sarri, eta aurten ere beste ate batzuk jo behar izan dituztela adierazi dute. «Urtarrilaren 2an eskatu genion udalari irailaren 8an desfilatzeko baimena; erantzuna ez da iritsi abuztura arte». azaldu dute. Horiek horrela, aurreko urteetan bezala aurten ere Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailera jo dutela esan dute, eta haien erantzunean «iazko ordutegi bera» dutela.

Mahaian eseri ezinik

Irailaren 8a bertan dela heldu da ordutegiaren gaineko albistea, eta Hondarribian auzi honekin oraindik bizi-bizi dagoen ulertu ezina erakusten duen beste berri bati atxikita. Izan ere, abuztuaren 5ean ziren elkartzekoak gatazkako bi aldeak, ia hogei urtean lehen aldiz. Alarde fundazioa —desfile baztertzailearen antolatzailea— eta Jaizkibel konpainia bilera bat egitera zihoazen, baina azken unean bertan behera geratu zen batzarra, baldintza nahikorik ez eta. Jenny Pearce antropologoa ibili zen bilera hori gauzatu ahal izateko oinarriak ipintzen. Alarde fundazioak jakinarazi zuen bertan behera geratu zela bilera; orduan, bitartekariak aitortu zuen zailtasunak zeudela «elkarrizketa posibleari buruzko elkarrizketan» ados jartzeko, eta asti gehiago behar dela.

Iazko irailaren 8ko tentsioa bezalakorik izan ez dadin aurten: helburu horrekin abiatu zuten elkarrizketa prozesua. Urak nahastuta zeuden, hala ere, ordurako: Gipuzkoako Aldundiak elkarrizketa prozesu bat abiatu zuen aurretik gatazkan zeresana zuten eragileekin eta pertsonekin, isilpean, baina diskrezioa hautsi zuen Alarde fundazioak otsailean: prozesua desestali, eta beste espazio bat proposatu zuen. Berritasun handi bat ekarri zuen mezu hark, ordea: Jaizkibelekin hitz egiteko borondatea agertu zuten andreen parte hartzearen aurkakoek. Dena den, baldintzak ezarri zituen Alarde fundazioak: kanpoko eragileen bitartekaritzarik gabe, Hondarribiko udaletxean batzea proposatu zuen, etaalkatea izatea moderatzaile. Alarde baztertzaileari ez bezala, udalak ez dio inoiz harrerarik egin Jaizkibeli alarde egunean, baina, hala ere, eskaintza onartu egin zuen konpainia parekideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.