GuraSOSek salatu du ez direla errausketako isuriak «etengabe» neurtuko

Gabeziaren berri emateko ezagutarazi duten agiri «konfidentzial» baten arabera, Zubietako azpiegiturarako iragarritako neurketak urriak dira

Errauste plantako obrak, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Lehen urtean, 36 ordu neurtuko dituzte; hortik aurrerakoetan, 24 ordu. GuraSOS elkarteak atzo adierazitakoaren arabera, Zubietan martxan jarri asmo duten errauste plantak isuriko dituen substantzia «toxikoenak» neurtzeko kontrolak soilik denbora tarte horietan egingo dituzte; hiruhileko bakoitzean, 6-8 ordu inguruko neurketak. Azpiegituraren gaineko kontrolerako idatzitako ingurumen zaintzarako plangintzan, hain justu, hori jartzen duela salatu dute elkarteko arduradunek, eta kezka besterik ezin dutela erakutsi horren harira. «Izan ere, urteak 8.740 ordu ditu». Agerraldi bat egin zuten atzo elkarteko ordezkariek salaketa hori egiteko, eta horren larritasunaz ohartarazteko: «Etengabe neurtzen ez bada, ezinezkoa da jarduera automatikoki geldiaraztea». Egoera egokiena «mugaz gaindiko emisioak eman orduko» neurriak hartzea litzatekeela oroitarazi zuten, baina kontrol neurri murritz horiekin ezinezkoa litzatekeela. Horretarako, hain zuzen ere, neurketa «iraunkorrak» beharko lirateke. Azpiegitura, hain justu, horiek egingo direla argudiatuz defendatu dela nabarmendu zuten, baina «faltsukeria» hori biluzi egin behar dela: «Ez da egia errauste plantak botako dituen substantzia toxikoenak modu iraunkorrean neurtuko direnik».

Herritarrei azpiegiturari buruzko informazioa ezkutatzen ari zaiela salatu dute maiz GuraSOS elkarteko arduradunek. Atzo jakinarazitako albistea horren adibide argitzat dute. Batetik, salatu zuten informazio horri «konfidentzial» izendapena eman diotela azpiegituraren sustatzaileek, eta agirian bertan, gainera, ezkutatuta dagoela argibidea: «Letra oso txikian eta dokumentu erantsi batean dago datu hori». Lehengo astean ere salatu zuten gardentasun falta; are gehiago, esan zuten «komunikazio plan konfidentzial» bat dagoela: iritzi publikoan aldeko jarrera zuztartzea luke helburu.

Teknologia onenak, iraunkorra, eragin ekonomiko positiboa... GuraSOSen arabera, tankera horretako ideiak «behin eta berriz» zabaltzearen poderioz, tapatu egin nahi dira azpiegituraren gabeziak. Horiek horrela, garrantzitsua iruditzen zaie proiektuaren kontra egitea, eta horretarako kalera irtetea. Hain zuzen ere, protesta bat dute deitua larunbat honetarako Donostian; errauste plantaren egitasmoa geratzeko eskatuko dute. Mobilizazioa «adostasunaren aldeko aldarri masibo bat» izatea nahi dute. Antiguako tuneletik abiatuko da martxa, 17:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.