Bost kasu egotzi dizkiote Beasaingo bortxaketagatik atxilotutakoari

Uko egin dio epailearen aurrean deklaratzeari; hark preso sartu du. Lasarte-Orian, Tolosan, Andoainen eta Anoetan jazo dira beste kasuak

Diputazioko eta udaleko agintariak elkarretaratzean, atzo. J. ETXEZARRETA / EFE.
arantxa iraola
2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Kartzelan sartu dute uztailaren 13an Beasainen (Gipuzkoa) andrazko bat bortxatzea egotzitako gizonezkoa, aurretik egindako beste lau erasoren egilea ere izatea egotzita. Beasaingo erasoa argitzeko ikerketan aurrera egin ahala, ertzainek berehala aurkitu zituzte susmagarritzat zuten gizona argitu gabeko beste hainbat sexu erasorekin lotuta egon zitekeela erakusten zuten zantzuak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko informazio iturriek adierazi zuten, besteak beste, froga genetikoak aurkitu zituztela, eta erabakigarriak izan dira: bost sexu eraso leporatuta eraman zuten atzo ertzainek atxilotua epailearen aurrera, Beasaingoa, eta beste lau. 2012tik aurrera jazotako erasoak dira, Gipuzkoan egindakoak denak ere: Lasarte-Orian, Andoainen, Anoetan eta Tolosan , hain zuzen ere. Gizona kasu gehiagorekin ere lotuta egon daitekeen susmoa dute oraindik; ikerketa abian dela esan dute.

Larunbatean atxilotu zuten, Lazkaon (Gipuzkoa), eta hedabideetan zabalduz joan dira egunotan azken erasoari buruzko hainbat jakingarri; esaterako, gertuko jarraipena egin ziola gizonak biktimari, eta ondo antolatu zuela aurrez erasoa. 34 urte ditu atxilotuak. Martuteneko presondegian dago; fiskaltzak eta akusazio partikularrak biek eskatu zuten kartzelan sartzeko, eta epaileak ontzat jo zuen atzo eskabide hori. Tolosako epaitegira eraman zuten ertzainek atxilotua, epailearen aurrean deklaratzera, baina hitzik ez hartzea ebatzi zuen gizonak. Leporatzen dizkioten kasu guztietan erasoa era antzekoan egin zuela ikusi dute ikertzaileek; goizaldeko ordu txikietan oldartzen zitzaien emakumezkoei, eta konortea galarazten zien.

Bitartean, luzatzen jarraitzen du sexu erasoen zerrendak. Jakin da, esate baterako, andre batek eraso bat salatu zuela Donostian, iragan ostiralean; ostegun gauean izan zela azaldu zuen, Antigua auzoan. Gaitzespena erakutsi nahi izan zuen atzo Donostiako Udalak eraso horren harira, eta elkarretaratze batera deitu zuen. Eledunen Batzordeak egin zuen protestarako deia. «Erasook bortxa matxistaren adierazpenik mespretxagarriena besterik ez dira», adierazi zuen. «Lanean jarraitu du behar da parekidetasunaren alde». Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egin zuen gaitzespen mezuan; eta, hain zuzen ere, elkarretaratzean izan ziren, udal agintarien aldamenean, foru gobernuko ordezkariak.

Beasainen bertan, halaber, beste eraso bat ere gertatu dela jakin zen atzo. Pasa den ostiralean izan zen. Udaleko talde guztiek gertaera salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaurko; 19:30ean da protesta, Zubimuzu plazan.

Barakaldon berriro

Barakaldon (Bizkaia) ere zerrenda iluna luzatzen ari da. Hiru sexu erasoren albistea zabaldu zen asteburuan, eta gizon bat atxilotu zuten horien egilea zelakoan. Igande goizaldean bertan, berriz, beste eraso bat izan zela jakin zen atzo. Barakaldoko Udalak berehala berritu zuen gaitzespen mezua. «Eraso sexisten aurrean, ahotsa ozendu behar da», gogora ekarri zuen, eta elkarretaratze baterako deia egin zuen mugimendu feministarekin batera; atzo arratsaldean bertan egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.