Koronabirusa

Jaurlaritzaren esku hartzea eskatu du ELAk, enplegu gehiago gal ez dadin

Sozietate zergaren bitartez 300 milioi euroko funtsa sortzea proposatu dio aldi baterako erregulazioan dauden langileen egoera hobetzeko

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, agerpen publiko batean. A. LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzari «esku hartzeko» eskatu dio koronabirusaren krisiak lan merkatuan izango duen eraginari aurre egiteko. Horretarako, bi proposamen egin dizkio: 300 milioi euroko funts bat sortzea aldi baterako erregulazioan dauden langileen egoera hobetzeko, eta 2.300 milioi euroko inbertsioa oinarrizko sektoreetako enpresetan «eredu aldaketa» gidatzeko. Mitxel Lakuntza idazkariak atzo azaldu zituen biak, baita funtserako dirua biltzeko bidea ere: «Gure kalkuluen arabera, aski litzateke sozietate zergaren bitartez biltzen denaren %25ekin. Irabaziak dituzten enpresek ordainduko lukete».

Funtsaren helburua da aldi baterako erregulazioak kaleratze ez bilakatzea, eta bide batez egoera horretan dauden langileek jasotzen duten dirusaria eta kotizazioak «osatzea». Laguntza hori, baina, doakoa ezin dela izan nabarmendu zuen Lakuntzak: «Enplegua mantentzeko neurri bat da. Trukean kaleratzerik ez egitea eskatu behar zaie enplegatzaileei. Irabaziak dituzten enpresei berehala debekatu behar zaie kaleratzeak egitea».

Funtsa sortzeak «larrialdi neurria» beharko luke, eta, hura abian jartzeko, Jaurlaritzarekin biltzeko «borondatea» aurkeztu zuen. Negoziaziorako, baina, bi baldintza ezarri zituen: «Mahai horrek mamia izatea, negoziazio erreala izatea alegia; eta sindikatuen araberako ordezkaritza demokratikoa errespetatu dadila». Egun ELA eta LAB Jaurlaritzak osaturiko elkarrizketa sozialeko mahaitik kanpo daude.

ELAren kalkuluen arabera, Hego Euskal Herrian 100.000 lagun daude aldi baterako erregulazio espedienteren batean sartuta, eta 33.000 lanpostu galdu dira azken hiru hilabeteetan. Joera aldatzeko, sindikatuak esana du lehentasuna dela lan erreforma bertan behera uztea, eta, alde horretatik, «larrituta» agertu zen Iñigo Urkullu lehendakariak indargabetzearen aurkako jarrera erakutsi izan duelako: «Onartezina da PPk 2012an esaten zuenarekin bat etortzea».

Babes neurriez gain, epe luzerako proposamen bat ere plazaratu zuen. Sindikatuaren ustez, Jaurlaritzak euskal industriaren «eredu aldaketa» gidatu behar du, eta, horretarako, 2.300 milioi euroko inbertsioa egin beharko luke. Helbura akzioen bitartez enpresa estrategikoen erabakietan parte hartzea litzateke, «nazionalizatzea» baztertu gabe. Alemaniako Gobernuaren eredua jarri zuen Lakuntzak, tankera horretako neurriak hartu baititu. Sindikatuaren iritziz, enpresek ihes egitearen arriskua erreala da, eta Senerrek Bizkaian edo Nissanek Katalunian eginikoa jarri zuten adibide.

LAB, ildo berean

LAB sindikatuak ere Jaurlaritza erregulazioan dauden langileentzat prestatzen ari den osagarriak kritikatu zituen. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiarentzat, «motz» gelditu dira, eta «ez dute enplegu galera eragozten». Gobernua enpresari elkarteekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin ari da lanean, eta, LABentzat, neurria ezin da mugatu «soldataren osagai huts batera». Neurri sakonagoak behar dira:«Lan merkatuko behin-behinekotasun tasa handia da, bereziki gazte eta emakumeen artean. Erabili eta bota daitezkeen kolektibo bilakatu dira».

LABek politika fiskal berri batean ikusten du bere eskaera errealitate bihurtzeko bidea, eta bere egitasmoa bidali die aldundiei. «Aberastasunaren banaketa justuago bat behar da, dirua biltzeko modu orekatu eta progresibo baten bitartez». Hori bai, Aranburuk garbi utzi zuen euren zerga bilketa eredua Bizkaiko ahaldun nagusiak bultzatzen duenaren «aurkako norabidean» doala, harena «neoliberaletan neoliberaleena» baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.