Koronabirusa

Erasmusik ez aurten

Erasmus programa asko atzeratu egin dira, edo bertan behera geratu. Izurriak erabat baldintzatu du programako ikasleen ikasturtea

Gazte bat Erasmusetik bueltan, Loiun, aireportuan. LUIS TEJIDO / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Mezu honen bidez, hartu dugun erabakia jakinarazi nahi dizuegu: bertan behera utziko dira 2020-2021eko ikasturteko lehenengo seihilekorako aurreikusita zeuden ikasleen joan-etorriak». Maialen Carmonak (Bermeo, Bizkaia, 1998) horrela jakin zuen ezingo zela Lublinera, Poloniara joan, Erasmus programan onartuta bazegoen ere. Ikasturtea hasi baino askoz lehenago jakinarazi zioten albistea; konfinamendu betean, maiatzaren 8an.

Aurreko ikasturtea bukatu bezain pronto, hurrengoari begira jarri ziren hezkuntza eragileak. Galdera markaz beteta heldu zen ikasturte berria, baina are handiagoa zen galdera marka joan-etorriekin zerikusia zuten gaien inguruan. Erasmus, herri anitzetako gazte andana biltzen dituen programa hori, gauzatuko ote zen: horixe zen duda. Eta unibertsitateetan igarri dute ziurgabetasunaren eragina. EHUn, adibidez, ohiko nazioarteko ikasleen laurdenak heldu direla zehaztu du Alberto de la Peña Gizarte Komunikazio Zientzien fakultateko mugikortasun arduradunak. Hemendik joandakoetan ere nabarmen egin du behera kopuruak, helmugako unibertsitateek atzera egin dutelako. Latinoamerikako programa gehienak, esaterako, bertan behera geratu dira.

Baina programa ez da unibertsitateetarako solik. Askok diote ikasleen mugikortasun programa hori ikasketak atzerrian egitea baino askoz gehiago dela. Jende berria eta norbere burua, bata zein bestea, ezagutzeko balio duela; bizitzan arrastoa uzten duten esperientzia horietako bat. Aurtengo ikasturtean asko zetozen bat: Internet bidezko eskolak eta jendea biltzeko murrizketak ez zetozen bat Erasmusen espirituarekin. Izurriak «urardotu» egin duela onartu du De la Peñak: «Beste herrialde eta unibertsitate batera joatea murgiltze kultural osoa da, eta konfinamenduan nahiko pobre geratzen da. Ez da pobrea ikuspuntu sozialetik bakarrik, akademikotik ere bai; eskolak Internet bidez badira, esperientzia akademikoa ere galtzen delako».

Unibertsitate bakoitzak bere erabakia hartu du. Batzuek mantendu egin dituzte programak; beste batzuek bertan behera utzi dituzte, eta beste batzuek, berriz, atzeratu. Horixe bera gertatu zaio Marta Hinojali (Galdakao, Bizkaia, 1999). Parisera joatekoa zen ikasturte osorako, baina hango unibertsitateak bertan behera utzi zituen lehen lauhilekoan atzerritik joandakoen eskolak. Orain, Donostian, zain dago bigarren lauhilekoan joaterik izango duen jakiteko. «Oraindik bigarren lauhilekorako pisu bila ez hasteko esan didate, balitekeela bigarrena ere bertan behera uztea». Erabaki horrek ikasturtea «batere motibaziorik gabe hastea» eragin diola dio.

Egoerarik okerrenean ere, datorren urtean programan parte hartzeko aukera izango du Hinojalek, baina ez du guztiz konbentzitzen; datorren urterako buruan zituen planak aldatzen dizkio, eta gainera, bi urte egongo litzateke bere ikaskideak eta lagunak ikusi gabe.

Topiko atopikoak

Iker de la Hoz (Donostia, 1999) Hinojalek urtebetean ikusiko ez dituen ikaskideetako bat da. Bremenen (Alemania) dago, hari ez baitiote atzera bota Erasmus. Baina trabak izan ditu: eskolak bertan behera utzi ez, baina hilabete atzeratu dituzte Alemanian; orain hasiko dituzte eskolak. Duela astebete eskas heldu zen hirira, baina oraindik ez ditu eskolak hasi; bien bitartean, alemana ikasten dabil. Etxetik egiten ditu eskolak, bere logelatik, eta arratsaldeko 18:00etan, eskolak bukatzen dituenean, orduan irteten da kalera.

Erasmuserako ez da hiri handia Bremen: 140 ikasle inguru joan dira aurten nazioartetik. Euskaldunik ere badago, eta haiekin ere egon da jada De la Hoz. Gainera, arkitekturako ikaslea den heinean, eskola batzuk aurrez aurre jasoko ditu, gainontzeko graduetakoek ez bezala, eta aukera izango du jendearekin tratu zuzena izateko. Ikerrek esan du Alemanian ez direla horrenbeste COVID-19 kasu entzuten, baina Euskal Herrian bezala, han ere egoerak ez du hobera egin, eta kasuen gorakada murrizteko, Alemaniako Gobernuak azaroaren 2tik aurrera taberna guztiak ixteko agindua eman du. Orain, aisialdia kalera edo etxera mugatu da. «Pixka bat tristea da kalera irten eta guztia itxita egotea. Ezin zaitezke jende askorekin batu». Atzerrian emandako urteaz ez zuen horrelakorik espero: jendea ezagutzea eta bidaiatzea zituen buruan. Eta aukera izango balu, beharbada urte erdi bakarrik joatea aukeratuko luke. Baina dena ez da tristura. Murrizketekin bada ere, Alemaniako bizitza ezagutzeko aukeraren bat edo beste izan du; Erasmuseko topikoetatik at, pandemiak jotako Alemania atipikoa ezagutuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.