Koronabirusa

Hegoaldean txerto biak jaso dituztenen ehunekoak %40ko langa gainditu du

Biztanleen %58k dosi bat jaso dute dagoeneko. Nafarroako 18 eta 29 urte artekoak dagoeneko hasiak dira txertoa jasotzeko ordua hartzen

Txertaketa, Donostiako Illunbe zezen plazan. JON URBE / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Ziztaz zizta, birusaren kontrako txertaketa kanpaina aparteko geldialdirik gabe ari da aitzina Euskal Herrian. Prozesua hasi zenetik, osasun sistema bakoitzak bere bidea egin du, nork bere erritmoan. Hilabeteak dira Ipar Euskal Herriak Hegoaldeari aurrea hartu ziola, aspaldi zabaldu baitzieten txertaketa 18 urtetik gorako heldu guztiei, baina Hego Euskal Herrian ere ari dira urratsak egiten, nabarmen: orain arte, Osakidetzak eta Osasunbideak 1.650.133 pertsona ziztatu dituzte kanpainan. Hau da, lagun kopuru horrek dagoeneko jasoa du COVID-19aren kontrako txertoa; dosi bat, behintzat. Zehazki, Hegoaldeko herritarren %58 dira horiek. Halaber, jadanik bi dosiak hartu dituztenen zenbatekoa ere gora ari da: Hegoaldeko biztanleen %42 dira, 1.186.725 pertsona, alegia.

Gainera, azken asteko datuen arabera, Hegoaldean uztailaren 26an erdiets liteke biztanleen %70ek gutxienez dosi bat jasoa izatea. Hain zuzen ere, hainbat adituren aburuz, ehuneko hori gainditzeak aparteko garrantzia du birusarengandik babesteko talde immunitatea lortze aldera.

Txertaketa ordenari dagokionez, Osakidetzak eta Osasunbideak adinaren araberako irizpideari eusten diote oraindik ere; oro har, zaharrenetatik gazteenetara ari dira txertoak jartzen. Bide orri horri jarraikiz, Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren aldean, kanpaina pauso batzuk aurrerago da Nafarroan. Izan ere, 30 urtetik beherakoei dagoeneko ireki zaie txertoa hartzeko ordua eskatzeko bidea. Zehazki, osasunbidea herenegun hasi zen 18 eta 29 urte arteko herritarrei COVID-19aren aurkako txertoa jartzeko ordua ematen; hilabete erdialdean dituzte lehenbiziko hitzorduak.

Bien bitartean, 30 eta 39 urte arteko herritarren txertaketarekin aurrera jarraitzen du gobernuak; izan ere, Osasunbideak talde horretan ziren zirrikituak aprobetxatu ditu txertaketa adin talde gazteago batera zabaltzeko. «Ez dugu mundu guztia txertatzeko baliabide askirik. Hala eta guztiz ere, genituen hutsuneak ireki ditugu 18 eta 29 urte artekoak ahalik lasterren ziztatzen hasteko», azaldu zuen atzoko agerraldian Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari nagusiak. Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokionez, Osakidetzak oraindik ez du 30 urtetik beherakoetara zabaldu kanpaina. 40 eta 45 urte artekoak txertatzean ditu jarriak indar handienak. Dena dela, muga horretatik beherako batzuek ere jaso dute dosia, apurka.

Bigarren dosia, lehenago

Bestalde, txertaketaren abiada azkartzeko asmoz, aldaketa baten berri eman du Nafarroako Gobernuak: erabaki dute AstraZeneca botika etxearen bigarren dosia hartzear diren 60 eta 67 urte arteko herritarrak aurreikusitakoa baino bi aste lehenago txertatuko dituztela. Artundok azaldu duenez, adin tarte horretakoak ahalik lasterrena immunizatu nahi dituzte, COVID-19aren Delta aldaera azkar ari baita zabaltzen. Hain zuzen, herenegun zenbatutako kasuen %27 aldaera horretakoak izan ziren Nafarroan. Horregatik, harengandik bizkorrago babestea helburu, gobernua datozen egunetan jarriko da harremanetan bigarren dosia hartzeko eguna abuztu hasieran zehaztua duten eta adin tarte horretakoak diren herritarrekin. Edonola ere, gobernuak zehaztu du dosia hartzeko ordua aurreratzea hautazkoa izanen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.