Gatazketan, sexu eskubideak ezin urratuago

Giza krisietan sexu eta ugalketa eskubideek duten tokiaz gogoeta egin dute Europako hainbat legebiltzarkidek, Gasteizen. Emakumeei «abaroa» eta laguntza ematea lehenetsi dute

Mahai inguruko partaideak, atzo, Gasteizko Goiuri jauregian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Sexu eta ugalketa eskubideak sistematikoki urratzen dira giza krisien testuinguruan. Gatazka egoeretan eta lekualdatze masiboetan ohikoa izaten da hori; gaur egun, Europan bertan gertatzen ari da. Jaume Nadal Roig UNFPA elkartearen ordezkaria da Ukrainan, eta arreta jarri du gerrak herrialde horretako andrazkoen sexu eta ugalketa eskubideetan eragin dituen atzerapausoetan: «Ukrainan 80.000 emakume erdituko dira datozen hiru hilabeteetan, eta horietako asko funtsezko osasun arretarik gabe. Gerrak eragindako estresagatik, berezko abortuek gora egin dute, eta emakume askok nekez eskuratu ditzakete antisorgailuak eta higiene menstrualerako produktuak». Gasteizen mintzatu zen atzo Nadal, osasunak eta sexu eta ugalketa eskubideek giza krisietan zer leku duten hausnartzeko Europako hainbat legebiltzarretako ordezkariek eginiko topaketan. Belgikako, Kroaziako, Poloniako, Erresuma Batuko, Ukrainako, Espainiako Parlamentuko, Eusko Legebiltzarreko eta Kataluniako diputatuak bildu ziren Goiuri jauregian: gatazka armatuetan emakumeen eskubideak bermatzeko proposamenak aztertu zituzten, eta nazioarteko lankidetzaren beharra lehenetsi zuten.

Iñigo Urkullu lehendakariak eman zien hasiera jardunaldiei, eta hark azpimarratu zuen sexu eta ugalketa eskubideak babestea «gakoa» dela pertsonen osasuna eta ongizatea bermatzeko. Gogoratu zuen Eusko Jaurlaritzak herri itun bat bultzatu duela emakumeen aurkako indarkeriaren kontra, eta haren bitartez sustatu nahi duela, besteak beste, sexu hezkuntza «integrala» bermatzea.

Emakumeen oinarrizko eskubideen egoeraz deskribapen gordina egin zuen Julie Taft IPPF Familia Plangintzaren Nazioarteko Federazioko zuzendari humanitarioak. Ohartarazi zuen eskubide horiek «kolokan» daudela,hala nola urtero sexu indarkeriako kasuek gora egiten dutelako, areago gatazka eremuetan. «Larrialdi egoera» horietan lehenbailehen esku hartzea funtsezkoa dela adierazi zuen Taftek: «Emakumeei abaroa, laguntza eta arta eman behar zaizkie».

Ukrainako gerran, esaterako, herrialde askotako elkarteak sarean lan egiten ari dira tokian tokiko arazoei irtenbidea emateko. Besteak beste, talde feministak, psikologoak, medikuak eta emaginak antolatu egin dira hango emakumeei eta LGTBI kolektiboari arta egokia emateko: «Sexu indarkeria pairatzen dutenei larrialdietarako telefono bat eskura jarri, antisorgailuak eskaini, eta herrialde batetik bestera igaro nahi duten LGTBI kolektiboko kideei garraio zerbitzurik seguruenak gomendatzen dizkiete».

Europaren laguntza

Sexu eskubideen inguruan, zientziaren eta politikaren arteko zubi lana egiten du ANSER elkarteak, eta talde horren ordezkaria da Elisa Vanlerberghe. Ukrainari begira jarrita, premiazkotzat jo zuen«larrialdiko kontrazepzioa» eskuragai jartzea bortxaketen biktimentzat eta haurdun gelditu nahi ez duten emakume eta neskatoentzat. Ohartarazi zuen lekualdaketa behartuetan areago okertzendela emakume horien egoera, inguruko herrialde batzuek «legeria murriztailea» dutelako, eta familia plangintzako zerbitzurik ez dutelako edo horiek oso mugatuak direlako: «Errumanian, esaterako, ia ez dago familia plangintzako klinikarik, eta antisorgailuak ez dira doakoak».

Vanlerberghek esan zuen ezinbestekoa dela Europako Batasunean bertan osasun langile komunitarioen «sare aktibo» bat ezartzea sexu eta ugalketa eskubideak babesteko: «Europarentzat, emakumeek eta haurrek lehentasuna izan beharko lukete, baina ahaztu egiten ditu sarritan».

Ideia bera azpimarratu zuen Nadalek ere. Haren iritziz, ezinbestekoa da gatazka eremuetako emakumeen eskubideak lehenestea, landa eremuetan bizi direnei bereziki erreparatuta.Ohartarazi zuenez, gatazka armatuetan eten egiten dira sexu eskubideetan lortutako «aurrerapausoak», eta ezinbestekoa da horiek berreskuratzeko lan koordinatua egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.