LGTBI komunitatearen aurkako «gorrotoa» salatuko du Les Bascosek

Elkarteak LGTBIfobiari buruzko inkestaren lehen emaitzak eman ditu. Harrotasunaren Hilabetea antolatu dute, «gorrotoari» aurre egiteko

Franck-Yves Guilbert Les Bascos elkarteko kidea. GUILLAUME FAUVEAU.
Garazi Aduriz Zuñeda.
Baiona
2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Homofobiaren, Bifobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna kari, Les Bascos elkarteak oroitarazi du Ipar Euskal Herrian ere «LGTBI+ komunitatearen aurkako gorrotoak bere horretan irauten» duela. Maiatzaren 17ko elkarretaratzeaz gain hilabeteko programazioa ere antolatu dutela jakinarazi zuten atzo. Harrotasunen Hilabetea deitu diote egitasmoari: LGTBIfobiari aurre egitea du xede.

Izan ere, LGTBI komunitateko kideek oraindik «giro bortitzean» bizi behar izatea deitoratu du Franck-Yves Guilbert Les Bascos elkarteko kideak. Ohitura denez, institutuek maiatzaren 17 inguruan argitaratuko dituzte LGTBIfobiari lotuak diren inkesten emaitzak. Guilbert ez da oso baikor agertu: «Inkestek emaitza bera erakusten dute urtero, LGTBIfobiak bere hartan irauten dutela».

Frantziako adibidea hartuz hasi da Guilbert: «Duela hamar urtetik gaur arte, aurrerapenak egon dira, baina LGTBI+ komunitatekoen oinarrizko eskubideen aitortzea bide erditan dago oraindik». Horren adierazle gisa aipatu ditu LGTBI komunitateko kideek urtero jartzen duten salaketa «kopuru handia», lokalen aurkako erasoak eta justiziaren «eraginkortasun falta».

Nerabeei buruzko inkesta

Egoera horren harira, Les Bascos elkarteak inkesta bat abiatu zuen apiril hasieran. Ipar Euskal Herriko, Landetako eta Biarnoko 11 eta 25 urte arteko LGTBI komunitateko kideengana jo dute, Guilberten arabera «gazteak baitira diskriminazioa gehien pairatzen dutenak». Inkestak hiru alderdi jorratzen ditu: eskola jazarpena, ziberjazarpena eta familia barneko diskriminazioa.

«Orain arte jaso ditugun erantzunek ez gaituzte anitz harritu», adierazi du Gilbertek. Izan ere, ehun parte hartzaileren artean %45ek adierazi dute eskola jazarpena pairatu dutela. Den-denek jasandute ahozko bortizkeria, eta %31ek bortizkeria fisikoa ere bai. Ziberjazarpenari dagokionez, berriz, galdekatuen %26k adierazi dute halakorik jasan dutela; horietako %13k salaketa jarri dute, baina salaketa batek ere ez du segidarik izan.

Familia giroan, berriz, galdekatuen %53k adierazi dute diskriminazioa pairatu dutela, eta haietarik %36k uste dute familiak gaizki edo oso gaizki ihardetsi diola armairutik ateratzeari. «Behin betiko emaitzak ukaitean, botere publikoei deiadar egingo diegu, beharrezkoa baita neurriak areagotu ditzaten eta lagundu gaitzaten bortizkeria fenomeno hauek urriarazten», azaldu du Gilbertek.

Harrotasunen Hilabetea

Maiatzaren 17an hasiko dute Harrotasunen Hilabetea, Baionako herriko etxearen aitzinean elkarretaratzea eginez. Eta ekainaren 17ra arte, astean bizpahiru ekitaldi proposatuko dituzte: film proiekzioak, mahai inguruak eta tailerrak, besteak beste. Azken egunean emango dituzte inkestaren emaitzak. «Hilabete honen bidez, gure arazoak ikusgai egin nahi ditugu, pairatzen dugun gorroto guztia ikusgai egin nahi dugu; jendeari adierazteko bidea emanda lortzen baita gero irtenbideak atzematea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.