Getxon hilotz agertu den nerabe baten heriotza ikertzen ari da Ertzaintza

Suizidioaren hipotesia aztertzen ari dira; 13 urteko mutil bat zen. Jazarri egin zioten hainbat ikaskidek lehenagotik joaten zen ikastetxe batean

Galea lurmuturra. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
arantxa iraola
2019ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Igande iluntzean, familia batek semearen desagertzearen berri eman zuen Getxon (Bizkaia): eguerdian desagertu zitzaien 13 urteko mutila, eta ordutik ez zuten haren berri. Hurrengo goizean agertu zen, Galea lurmuturrean, hilotz. Ertzainak heriotza ikertzen ari dira, eta suizidioaren hipotesia dago tartean. Itaun batzuk ere zabaldu dira, ea mutilak eskolan jasandako jazarpenak nolako eragina izan zuen erabaki horretan: izan ere, jakina da Erandioko (Bizkaia) ikastetxe batean arazoak pairatu zituela hainbat ikaskideren partetik. Ikasturte hau beste eskola batean egin du; badirudi bertan ez duela aparteko zailtasunik izan, baina aztertu behar da aldagai hori. Jazarpenaz gain, nerabearen bizitzako beste hainbat alde ere aztertzen ari dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek adierazi dutenez. «Ikerketa lerro guztiak irekita daude», azaldu zuen Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak atzo, auziaz galdetuta.

Nerabea maristen zentro batean izan zen jazarria, Jado ikastetxean. Ohar bat plazaratu zuen atzo eskolak, nerabearen heriotzaren harira: «doluminak» adierazi dizkiete nerabearen etxekoei, eta «elkartasuna» erakutsi diete. Gertaera «tristea» argitzeko ikerketan parte hartzeko borondate osoa ere erakutsi dute. Maristen eskualdeko komunikazio arduradunen bidez zabaldu zuten oharra, eta, hasieran zuzendariak argibide gehiago emango zituela esan bazuten ere, isiltasunaren aldeko hautua egin zuten gero: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin harremanetan ari zirela adierazi zuten, ikerketa martxan dela, eta deus ere ezin zutela kontatu gaiaz.«Errespetua eta intimitatea» eskatu dituzte auziaren inguruan. Gauean ez zen berririk ikerketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.