Jaiegunetan dendak irekitzeko «mehatxua», gero eta indartsuago

Sindikatu, patronal eta merkatari elkarteak batzen dituen plataformak eskaera egin die erosleei jaiegunetan ez dezaten kontsumitu

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Bilboko Kale Nagusia itxi zuten udaltzainek atzo goizean, El Corte Ingles parean. Aurrera eta atzera zebilen jende andanaren artetik pankarta bat atera zuen jaiegunetan dendak zabaltzearen aurkako plataformak, eta aldarrikapen oihuekin egin zuten aurrera: «Euskadin, igandeetan, egin lanLehendakaritzan!» edo «El Corte Ingles, boikota!». Jendearen arreta bereganatu zuten horrekin, eta errepide erdian mahai bat jarri zuten prentsaurrekoa eskaintzeko. «Jaiegunetan, denok jai!» aldarrikatu zuten beste behin, eta Agurne Gaubekak hartu zuen hitza ostera, plataformako kideak: «Asper-asper eginda gaude beti merkataritza kate handien eta multinazionalen alde egiteaz». Jaiegunetan dendak ez zabaltzeko arrazoiak eman zituen ondoren.

Ez da lehen aldia dendariek era horrelako aldarrikapenak egiten dituztena. Merkataritzako ordutegia liberalizatu zenetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako dendariek elkarren arteko itun gisako bat lortu zuten urteko jaiegun batzuetan bakarrik zabaltzeko dendak. Gabonen atarian, eta, halako salbuespen batzuetan ez bada, oro har jaiegunetan ez da dendarik zabaltzen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Baina denek ez dute oreka hori gogo onez onartu izan. Kate handiek eta zenbait kargu publikok urtero gogorarazten digute zein den euren asmoa: ordutegia liberalizatzea».

Ordutegi zabalago batekin salmentek ere gora egingo luketela arrazoitu izan diote behin eta berriro, baina jaietan dendak irekitzearen aurkako plataformako kideek ez dute bat egiten ikuspegi horrekin, «denda handien mesederako» dela baitiote. Horregatik, plataformak mobilizazio kanpaina berri bat abiatu du, baliabideak denda handien mesederako jartzen direla ikusten baitute: «Etsigarria da ikustea nola hiriak eta merkataritza guneak kate handien beharren arabera diseinatzen dituzten».

Mehatxua berriro

Mehatxua berriz bueltan sumatu dute plataformako kideek, eta horregatik abiatu dute kontzientziazio kanpaina. Gaubekak hala azaldu zuen: «Elikadura sektoreko kate handiak, batik bat Carrefour Express, Supercor edo Coviran apurka-apurka irekitze eredu berri bat hedatzen ari dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan». Azaldu dutenez, urteko egun guztietan zabalik egotea da supermerkatu horien asmoa, eta «kezkagarria da horietako batzuk merkatari txikiak izatea». Hori dela eta, oreka apurtzen ari dela sumatzen dute.

Joerari aurre egiteko, jaiegunetan dendak ez zabaltzeko dei egin zien plataformako kideek dendariei, eta kontsumitzaileei erosketak egin ez ditzatela eskatu. «Gure erosketak egiteko ordutegiak behar bezain zabalak dira, eta jabetu behar dugu zer eta noiz erosten dugun». Kanpainarekin bat egiten duten dendetan kartel bat jarriko dute dendariek, eta horrekin adieraziko dute eurek jaiegunetan ez dutela dendarik zabaltzen.

Orain, gainera, astero mobilizazioren bat egiten ari dira plataformako kideak elikadura sektoreko denda horietako baten aurrean. Bestalde, plataformako kideek eskaera egin zieten erakundeei merkataritza lege berri bat martxan jar dezaten. Eta nabarmendu zuten «plataforma plural» batetik datorrela eskaera.

Honako hauek hartzen dute parte plataforman: ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta CGT sindikatuak, Euskaldendak, Araba denda eta Garen patronalak, EKA eta EKE kontsumitzaileen elkarteak, Bilboko auzo elkarteen federazioak, Donostiako Bizilagunen plataformak eta SOS Alde Zaharrak, Reas sareak eta Ernaik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.