Hondak Ingalaterrako fabrika itxiko du, eta 3.500 lanpostu arriskuan jarri

'Brexit'-ak ez ezik, erabakian eragina izan du merkataritza itunari esker Japonian egindako autoek ez dutela muga zergarik ordainduko EBn

Takahiro Hachigo Hondako presidentea, artxiboko irudi batean. KIYOSHI OTA / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Autogintzaren motorra geratzen ari da Erresuma Batuan. Hondak agian gaur bertan jakinaraziko du ofizialki Swindon hirian (Ingalaterra) duen lantegia itxi egingo duela 2022. urtean. 3.500 lanpostu daude arriskuan. Sky News-ek aurreratu duenez, Hondaren Europako adarraren egoitzak Bracknellen jarraituko du (Ingalaterra), eta 1 Formulako taldea ere han geratuko da. Civic modeloaren 160.000 unitate irten ziren iaz Swindondik, Erresuma Batu osoko auto ekoizpenaren %10.

Erabakia brexit-arekin lotu daiteke, indarrean jartzeko hilabete eskas falta den honetan artean ez dagoelako garbi zer gertatuko den. Ezjakintasun hori oso kaltegarria da autogileentzat, just in time ekoizpen eredua erabiltzen dutelako: osagaiak ekoizpen egunean bertan edo egun gutxi aurretik iristen dira muntatze lantegira, eta, hortaz, ahalik eta muga irekienak derrigorrezko dituzte ongi funtzionatzeko.

Baina Hondaren erabakian zeresana izango zuen Japoniaren eta Europako Batasunaren arteko merkataritza itunak ere. Hilaren 1ean sartu zen indarrean, eta haren bidez desagertu egingo da Japoniatik inportatutako autoek EBn ordaintzen duten %10eko muga zerga. Hau da, posible dela merkeago izatea autoa Japonian egitea eta handik EBra eramatea, Erresuma Batuan egin eta kontinente zaharrera bidaltzea baino, azken aukera horretan litekeena delako muga zergak pagatzea.

Honda ez da Erresuma Batuko inbertsioak auzitan dituen Japoniako autogile bakarra. Duela aste batzuk, Nissanek jakinarazi zuen X-Trail modelo berria ez zuela Sunderlanden eraikiko (Ingalaterra), Kyushun baizik (Japonia).

Beste autogile batzuk ere ari dira neurriak hartzen. Urtarrilaren hasieran, Fordek iragarri zuen milaka langile botako zituela kostuak txikitzeko plan baten ondorioz. Prentsak argitaratutakoaren arabera, Bridgenden (Gales) milatik gora lanpostu gal daitezke erabaki horren ondorioz.

Brexit-ak ez ezik, diesel autoen salmenten beherakadak eta Txinako merkatuaren ahultzeak ere eraman dute Jaguar Land Rover iragartzera Ingalaterrako bere fabriketan 4.500 langile kaleratuko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.