Verterren zabortegi ondoan zigilatuko dituzte zakarrak

Enpresak Jaurlaritzari proposatu dio 800.000 metro kubo zakar hartuko dituen biltegi bat eraikitzeko. Ez dute eraikiko goiko aldeko biltegia

ANDONI CANELLADA / @FOKU.
mikel p ansa
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak bi biltegi handi eraiki asmo zituen Zaldibarko zabortegiaren (Bizkaia) inguruan, bat azpiko aldean, eta bestea zabortegiaren barruan, goiko partean. Azpiko aldeko biltegi hori eraiki zuten, eta azkeneko asteetan hori erabili dute zabortegian jausi ziren zakarrak metatzeko. Biltegi hori betetzeko zorian dago, baina bigarrena eraikitzen hasi gabeak daude oraindik. Atzo jakinarazi zuen Verter Recycling 2002 SM enpresak, zabortegiaren jabeak, helegite bat aurkeztu ziola Jaurlaritzaren egitasmoari, eta oniritzia eman diotela. Zabortegiaren jabeek proposatu dute azpiko aldeko biltegi horri jarraipena ematea, eta zabortegiaren goiko parteko biltegia ez eraikitzea.

Enpresaren beraren proiektuaren arabera, eraikia dagoen azpiko biltegiari jarraipena emango diote. Motia mendiaren magalean dauden bi ezpondatan eraikiko dute zaborrarentzako ziega berria. Biltegi berri horrek 804.000 metro kubo zakar hartu ahalko lituzke. Horrek esan nahiko luke, dagoeneko eraikia dagoen biltegiarekin, zabortegian jausi ziren zakar guztiak bertan biltzeko aukera luketela —950.000 metro kubo inguru amildu ziren—.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak uste du ingurumenean eragin txikia izango duela proiektu berriak, hondakinak biltzeko ahalmen handiagoa izango duela eta, gainera, zaborra ez dela mugitu beharko herriguneetatik, biltegi berriak aukera emango duelako zabortegi barrutik mugitzeko zakarrak.

Hogei hilabeterako lanak

Hogei hilabeteko epea zehaztu dute biltegi berria eraikitzeko eta erabat zigilatzeko. Biltegiaren parte bat hilabete barru erabiltzen hasi ahalko direla uste dute. Aukeratutako bi ezponda horietan dike bat eraikitzeko asmoa dute. Horma horren goiko aldea 120 metro luze, hogei metro garai eta zortzi metro zabal izango da, eta lixibiatuak-eta ez iragazteko prestatu beharko dute. Verterrek berak aurkeztu du proiektua, eta 13,4 milioi euroko aurrekontua izango du.

Otsailean, zabortegia jausi zenean, ezin ziela obrei eutsi argudiatu zuen enpresak, eta Jaurlaritzak modu subsidiarioan ekin zien lanei, ondoren enpresari kostua bere gain hartzeko eskatzeko. Jaurlaritzak Verterri eskatu zion obren erantzukizuna hartzeko, eta proposamen honekin urratsa egin du enpresak, hondamendia gertatu eta ia lau hilabete geroago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.