Petrolioaren eskaria aurreikusi baino txikiagoa izango dela uste du IEAk

Erakundeak «ahul» ikusten du merkatua, pandemiarako neurriek ekonomian duten eraginarengatik. LPEEk bilera egingo du bihar

Petrolio putzu bat Khuraiseko basamortuan, Saudi Arabian. ALI HAIDER / EFE.
Irune Lasa.
2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Udan, erregai eskaria igo egin da munduan, baina suspertzea eten egin da atzera, eta iazko kontsumo kopuruen oso azpian dago oraindik petrolioa. 2020ko batez besteko petrolio eskaria 2013koaren parera jaitsiko da, eguneko 91,7 milioi upeletara, iaz baino 8,5 milioi upel gutxiago erosiko baitira eguneko.

IEA Nazioarteko Energia Erakundeak iragarri du herrialdeak koronabirusaren hedapena eragozteko hartzen ari diren neurrien ondorioz hurrengo hilabeteak «aurretik uste baino ahulagoak» izango direla petrolio merkatuarentzat. IEAren ustez, «petrolio eskariaren suspertzea nabarmen geldotuko da 2020. urteko bigarren zatian, irabaz zitekeena jada irabazita». Eta ahultasun horren erakusle dira 40 dolarren azpiko upelaren azken egunetako salneurriak.

Pandemiaren lehen olatu bete-betean daude India eta beste herrialde handi batzuk, eta, aldi berean, bigarren olatuak hedatzen ari dira Europan. «Gero eta garbiago dago COVID-19a gurekin egongo dela denbora batez», dio IEAk. Neguarekin ere kezkatuta dago erakundea: «Negua ipar hemisferiora iristear, esploratu gabeko lurralde batean sartuko gara, COVID-19aren birulentziari dagokionez».

Txinaren eskaria geldotzen ari dela dio agentziak. Berdin gertatzen ari da findegien eskariarekin ere: irabazi tarte txikiekin, ez die merezi petrolioa erosi eta fintzen aritzea. Salerosketa bitartekari batzuk hasiak dira petroliontziak alokatzen, uda aurrean egin zuten bezala, saldu ezin duten edo prezio jakin batean saltzea merezi ez dien petrolioa itsasoan gordetzeko.

Energia erakundearen arabera, Txinarekin zer gertatzen den giltzarria izango da. Herrialdearen erosketek eutsi diote neurri batean petrolio merkatuari. Hala ere, IEAren iritziz, eskari hazkunde hori nabarmen moteldu da. Baina horrekin bateragarri ez diren analisiak ere badaude, aintzat hartzen dituztenak aste honetako Txinaren jarduera ekonomikoari buruzko datu batzuk. Urte honetan lehen aldiz, abuztuan Txinan hazi egin dira txikizkako salerosketak, eta industria ekoizpenak ere uste baino gehiago egin du gora.

Dena dela, suspertzea baino, jaitsiera etetea izango litzateke Txinaren eskariak petrolio merkatuan izan dezakeen ondorioa.

Kopuru deigarri bat ere eskaini du energia erakundeak. Kontuan hartuta munduan egiten diren bidaien %20 lan arrazoiengatik egiten direla, IEAk kalkulatu du OCDEko herrialdeetan telelanaren ondorioz eguneko 600.000 upeletan txikitu dela gasolina eta diesel eskaria.

Eskaintza handia

Eskaria egonkor mantendu arren, prezioek behera egitea normala da, batez ere eskaintzan ez delako murrizketarik espero. Lurralde Petrolio Esportatzaileen kartelak bilera du bihar, pandemiaren lehen hilabeteetan upelaren prezioari eusteko ekoizpen murrizketak nola doazen aztertzeko.

Eskaria pixka bat berreskuratu orduko, murrizketa horietako batzuk arintzea erabaki zuten LPPEko herrialdeek eta haien aliatuek —Errusia tartean—. Baina badirudi goizegi ibili zirela. LPEEren ustez ere, eskaria uste baino pattalago dabil.

Gainera, kartelaren kontrolpean ez dagoen petrolio ekoizpena ere hor dago, batez ere berriz lanean ari diren AEBetako fracking putzuen produkzioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.