GuraSOSek dio erraustegia baimenik gabe ari dela eta fiskaltzara joko duela

Talde horren iritziz, «prebarikazio eta agiri-faltsutze delituak» egon daitezke. Asensiok iragarri du operazioen hasiera akta sinatzear direla

Zubietako erraustegiko tximiniak ketan. GORKA RUBIO / FOKU.
inaki petxarroman
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Zubietako erraustegiaren balorizazio eta energia horniduraren katea «funtzionamendutik kanpo» dagoela iragarri du GuraSOSek, azaroaren 15ean industria baimenik gabe geratu zirelako. Ondorio horiek atera ditu elkarteak, joan den ostiralean, hilak 4, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta hondakinen kontsortzioko presidenteak ezagutzera eman zuen Jaurlaritzako Industriako dokumentuaren edukia aztertu ondoren. Hain zuzen ere, agiri horrek instalazioari jarduteko baimena eman baino gehiago, abian jartzeko behin-behineko akta bertan behera geratu dela berretsi duela uste du.

Azaroaren 15ean bukatu zen abuztuaren 17an emandako behin-behineko aktarentzako baimen epea, eta, Ekondakin enpresa kudeatzaileak eskatu arren, Jaurlaritzako Industria Sailak ez luzatzea erabaki du. GuraSOSek esan duenez, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua jakinaren gainean zegoen ekainaren 16an erraustegiari emandako ingurumen baimen bateratuaren (IBB) eraginkortasuna ez zela baliozkoa, obrak amaitu gabe zeudelako. Besteak beste, instalazio elektrikoaren pieza nagusia (transformadorea) irailaren 1ean probatu zuten lehen aldiz, eta orduan erre egin zen. Hala ere, Tapiak atzera bota du GuraSOSek baimen horren aurka jarritako helegitea, eta taldeak uste du «prebarikazioa» egiten ari dela. «Haren asmo bakarra da uztailaren 7an iraungitzekoa zen IBBa salbatzea». Izan ere, IBBa galduz gero, Zubietako proiektua eta enpresekiko kontratua bertan behera geratuko lirateke, eta tramitazioari hasieratik ekin beharko litzaioke.

Egoera hori ikusita, GuraSOSek Jaurlaritzako Industria Saileko Gipuzkoako lurralde ordezkariari eta Energia zuzendariari eskatu die «erraustegiaren instalazioetako jarduera berehala gelditzeko» agindua emateko, eta ohartarazi die bestela ez betetze hori fiskaltzari aurkeztuko dion salaketan erantsiko duela. Hain zuzen ere, GuraSOSek aipatu du Fiskaltza Ekondakineko lau arduradun ikertzen ari dela ingurumen delitu bat egin zutelakoan,

Ostiralean Asensiok aurkeztu zuen Industriaren agiriak aipatzen du ordezko instalazio elektrikoa (transformadore nagusia ordezkatu duten hiru itsas sorgailuk osatutakoa) dokumentazio jakin baten zain dagoela. Agiriaren arabera, hori aurkeztutakoan Industriak aldi baterako instalazio hori zerbitzuan jartzeko akta egingo du. GuraSOSek esan du, beraz, oraingoz ez daukala funtzionatzeko aktarik.

Agirian ageri den Jaurlaritzaren sinadurari ere «ezohiko traza» hartu dio GuraSOSek. Izan ere, bi izen ageri badira ere, bakar batek sinatu du, eta, gainera, PA akronimoa erantsi dio. GuraSOSek uste du horrek «abokazio» kontzeptuari erantzun diezaiokeela, sinatzailea (Javier Martinez de Lagos Manzana) ez delako Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako funtzionarioa. GuraSOSek adierazi du zantzuak dituela pentsatzeko Industriako arduradunek «presiopean» jarri dutela gaiari atxikitako funtzionarioa, eta «legearen eta araudiaren aurrean nekez» har daitezkeen erabakiak sinatzera behartzen dutela.

GuraSOS amaitzen ari da aste honetan bertan fiskaltzaren aurrean jarriko duen salaketa, eta, besteak beste,«funtzioak usurpatzea», «agiriak faltsutzea» eta «prebarikazioa» egin ote duten argitzeko eskatuko dio fiskaltzari.

Operazioaren hasiera akta

Gainera, Jose Ignacio Asensiok iragarri duenez, tratamendu mekaniko biologikorako (TMB) eta erraustegirako operazioaren hasiera akta hurrengo egunetan sinatuko dute, eta orduan hasiko da emakidaduna ustiapen arrunta egiten. Horrek abiatuko luke kontratua, eta enpresak kobratzen hasiko lirateke ematen duten zerbitzuarengatik. Asensiok iragarri du hori dela «azken tramite administratiboa», eta urtea amaitu baino lehen egingo dutela. Jakinarazi duenez, Markel Olano diputatu nagusiarekin batera bisita bat egingo du laster Zubietako instalazioetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.