Naparra biktima gisa aitortua izateko eskatu dio familiak parlamentuari

Bigarren aldiz legebiltzarrean izan dira German Rodriguezen senideak eta Jose Miguel Etxeberriarenak, bi kasuen nondik norakoak azaltzen

IñIGO URIZ / @FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Atzo, hain zuzen, 63 urte beteko zituen Jose Miguel Etxeberria Naparra-k. 1980ko ekainaren 11tik ez dago haren berririk. BVE eskuin muturreko taldeak desagerrarazi zuen Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea. 41 urtez, sendia etengabe ibili da bila. Atzo, Eneko Etxeberria anaiak azaldu zuen «harlauza» baten modukoa izan dela arrastoak ez aurkitzea, eta, horregatik, Nafarroako Parlamentuari eskatu zion, dagozkion eskumenen barruan, ahal duen guztia egin dezala Naparraren arrastoak aurkitzeko, batik bat Mont-de-Marsan inguruan (Frantzia) egitekoak diren bigarren araketa ziurtatzeko asmoz. Horrekin batera, legebiltzarrari galdegin diote Espainiako eta Frantziako estatuak premiatu ditzala kasua argitu dezaten. Halaber, eskatu zuen Naparra biktima gisa aitortua izan dadila, eta Nafarroako Gobernuari eskatu zion aitortzan «parte aktibo» izateko, «giza eskubideen urraketa oraindik ere gauzatzen ari baita».

2015eko otsailean izan zen lehen aldiz Etxeberria sendia parlamentuan, eta ordutik kasuak izandako nondik norakoen berri eman zuen. Garai hartan, Francisco Arnau de la Nuez CESIDeko agente ohiak Iñaki Errazkin kazetariari adierazi zion Etxeberriaren arrastoak Mont-de-Marsandik gertu zirela, Brocasetik Labriterako errepide ondoan. 2016ko udan Iñigo Iruin abokatua eta Francisco Etxeberria auzi medikua inguruan izan ziren, eta hilotzaren kokaguneari buruzko bi aukera proposatu zituen txosten batean. Informazioa baliagarri izan zen Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko magistratuak kasua berriz irekitzeko. 2017ko apirilaren 4ean, bost ordu iraun zuen lehen araketa egin zen. Arrastoak agertu ez zirenez, auzia artxibatzea erabaki zuen epaileak, 2018 hasieran.

Helegitea jarri ostean,urte hartako maiatzean auzia berrirekitzea lortu zuen familiak, bainahiru urte iragan dira, eta oraindik ez dute araketarik egin Francisco Etxeberria auzi medikuak proposatutako beste tokian. Eneko Etxeberriak esan zuen ez dakitela zergatik atzeratzen ari den eskaera hori, eta halaxe adierazi zieten iazko otsailean, Genevan (Suitza), Nazio Batuetako bortxaz desagerrarazien kasuak aztertzen dituen lantaldeari.

Liburua eta dokumentala

Naparraren memoria aldarrikatzen du oraindik ere sendiak. Jon Alonso idazle iruindarrak Naparra kasu irekia liburua argitaratu berri du kasuaz, eta datorren apirilaren 22an, 19:00etan, Martin Ugalde foroan izango dira idazlea eta Eneko Etxeberria. Gainera, urteotan familiak bizi izandakoa jaso dute Iñaki Alforjak eta Luzia Ezkerrak Bolante baten historia dokumentalean. Atzo, parlamentuan, haren edukiaren aurrerapen bat azaldu zieten parlamentariei, eta irudiotan agerian geratu zen 41 urtean sufritutako «tortura».

Halaxe nabarmendu zion Amaia Irigoien Etxeberriaren emazteak Navarra Sumako Isabel Olaberi. Eskuineko koalizioko ordezkariak aipatu zuen ulertzen zuela mina, eta egia jasotzeko eskubide osoa zutela, baina ez zutela omenaldietan parte hartuko, «biktima izateaz gain erakunde terroristako kide ere izan zelako» Naparra. «Ez dugu omenaldirik nahi», erantzun zion Irigoienek. «Politikoki iraganeko kontuez hitz egiteari utzi eta benetan erakundeetatik egin daitekeen guztia egin, gorpua aurkitzeko eta egia izateko. Horrela pasatuko zaigu dolua, eta harlauza gainetik kendu ahalko dugu Enekok, nik eta jada 11 urte dituen semeak».

Naparraren sendiaren aurretik, 78ko Sanferminak Gogoan taldeko Sabino Cuadra eta Fermin Rodriguez, German Rodriguezen anaia, izan ziren. Parlamentuari berretsi zioten 2017ko azaroan egindako adierazpen bat babes dezala, dokumentu ofizialen desklasifikazioa egin dezan Madrilgo gobernuak. Halaber, eskatu zuten sekretu ofizialen legea indargabetu dadila, «zigorgabetasunaren babeslekua baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.