Migratzaile gazte bat hilda aurkitu dute Donostiako harrera etxe batean

Jaurlaritzak uste du bere buruaz beste egin duela. Hendaiako atxikitze zentroan den etorkin batek ezpainak josi ditu, eta gose greba abiatu du

Irunen hildako etorkinaren heriotza salatzeko protesta, atzo. J. MANTEROLA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru - Ekhi Erremundegi Beloki
2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
18 urteko mutil marokoar bat hilda aurkitu zuten herenegun Donostian, Eusko Jaurlaritzaren tutoretzapekoa den etxe batean. Jaurlaritzak uste du bere buruaz beste egin duela. Atzo jakinarazi zuenez, egoitzako hezitzaile batek topatu zuen gaztearen gorpua, bere logelan. Suspertzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Adingabe izanik iritsi zen gaztea Euskal Herrira; abendutik bizi zen etxe horretan, eta aurretik Ibaiondoko zentroan (Zumarraga, Gipuzkoa) egon zen.

Jaurlaritzaren arabera, gorpua Marokora aberriratzeko izapideak hasi dituzte, han duelako familia. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak doluminak eman zituen: «Nire babes osoa helarazi nahi diet gure zentroetako talde profesionalei. Hunkituta gaude denok». Artolazabalek erantsi zuen 30 urte baino gehiago daramatzatela gazte eta adingabeekin lan egiten, eta atzokoa «egun gogorrenetariko bat» izan zela.

Ezbeharraren berri izan eta gutxira, oharra kaleratu zuen Elkarrekin Podemos-IUren talde parlamentarioak. Miren Gorrotxategi bozeramaileak esan zuen jazoera «mingarria eta oso larria» dela, eta gizartea «interpelatzen» duela. Gazte migratzaileak babesteko sistema indartzeko eta zabaltzeko beharra azpimarratu zuen.

Antzeko beste albiste bat izan da azken egunotan. 21 urteko gizon eritrear baten gorpua aurkitu zuten igandean Irunen (Gipuzkoa), Bidasoa ibaiaren ertzean; bere buruaz beste egin zuen hark ere. Jaurlaritzak eta Irungo Harrera Sareak uste dute igaroan zihoala. Atzo protesta egin zuten Irungo San Juan plazan, sareak deituta: «Ez dugu pertsona errugabeen heriotza normalizatuko, ezta onartuko ere; harrerarako eta bizitzarako lurraldea gara».

Horren harira, EH Bilduk instituzioei galdegin die «beste aldera begiratzeari uztea», eta Irunera heltzen ari diren migratzaileen egoerari «premiazko erantzuna» ematea. Koalizioak salatu du igandean jazotakoa ez zela izan «kasu bakan bat».

Ezpainak josita Hendaian

Etorkinei babesa eskaintzen dien Cimade elkarteak atzo jakinarazi zuen gizon batek ezpainak josi dituela eta gose eta egarri greba abiatu duela Hendaiako atxikitze zentroan (Lapurdi). «Kezka» agertu zuen haren egoeragatik, eta Frantziako justiziak haren kasuan izan duen jarrera salatu zuten.

Tunisiar jatorrikoa da etorkin hori, eta 2018an iritsi zen Frantziako Estatura, Maite Etxeberri Cimade elkarteko kideak azaldu zuenez. Hendaiako atxikitze zentroan lan egiten duen juristaren arabera, Tulle (Frantzia) herrian bizi zen, eta senideak zeuzkan han. Familia egoeragatik bizileku baimenaren agiria eskatu zuen, baina prefeturak ukatu egin zion. Abuztuan, Frantziako lurraldea uzteko agindua eman zioten.

Otsailean, atxilotu eta Hendaiako atxikitze zentrora eraman zuten. 64 egun daramatza bertan. «Normalki, bi hilabetera Baionako auzitegiak zentrotik ateratzen ditu, baina astelehenean hamabost egunerako luzatu zuten haren atxikialdia, lurraldetik kanporatzeko hegazkina erreserbatua dutelako», azaldu du Etxeberrik.

Frantziako justiziaren jarrera salatu du. Hain zuzen, bizileku baimen eskaerentzat prefeturak emaniko errefusari helegitea jarri diote Paueko Administrazio Auzitegian, baina hura oraindik aztertu gabe kanporatuko dute gizona. Bere egoera salatzeko, «etsipenez», ezpainak josi, eta gose eta egarri greba abiatu zuen.

Atzerritarren oinarrizko eskubideen kontra Frantziako administrazioak daraman politika salatu du Cimadek, eta haien kontrako «gehiegizko errepresioa» eteteko eskatu dio Frantziako Gobernuari: egoera konpontzeko urgentziazko deia egin diote Frantziako Barne Arazoetako Ministerioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.