Tunisiako Parlamentuko eserlekuek hutsik jarraituko dute

Kais Saied presidenteak ez du zehaztu noiz arte luzatuko duen behin-behineko egoera

Tunisiako Parlamenturako bidea, itxita. MOHAMMED MESSARA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Gaur hilabete betetzen da Tunisiako presidente Kais Saiedek parlamentua desegin eta Hitxem Metxitxi lehen ministroa kargutik kendu zuenetik. Oposizioak estatu kolpetzat jo zuen erabakia, baina estatuburuak argudiatu zuen neurriok hartu ezean «hondoratu» egingo zela herrialdea. Oraingoz, estatuburuak ez du asmorik beste gobernuburu bat izendatzeko, ez eta parlamentuko ateak zabaltzeko ere, eta, beraz, lege babesik gabe jarraituko dute diputatuek hala iragarri zuen astelehen gauerdian, sare sozialetan zabaldutako ohar batean, azalpen gehiagorik eman gabe—.

Oposizioak eta Mendebaldeko aliatuek bide orri bat eskatzen diote estatuburuari. Baina hark ez du aurkeztu halakorik, oraingoz; soilik aurreratu du «datozen egunetan» agerraldia egingo duela, aurreragoko asmoei buruz hitz egiteko. Botere exekutiboa bere gain hartu izana justifikatzeko, Saiedek adierazi zuen halakorik egin ezean «hondoratu» egingo zela herrialdea. Erabakia hartu zuenean, ordea, egoera behin-behinekoa izango zela esan, eta hilabeteko epea jarri zuen aurreragoko urratsak argitzeko.

Estatuburuak mahai gainean kolpea jo zuenetik, hainbat diputatu eta ministro etxeko atxiloaldian jarri dituzte, eta oposizioak ez du baztertzen hurrengo egun eta asteetan gehiago izatea. Atxilo hartutakoen artean, bi dira nabarmentzekoak: ustelkeriaren aurkako fiskal nagusi izandako Txawki Tabib eta PDLko diputatu Abir Musi, 2011ra arte Tunisiako presidente izan zen Zine El Abidine Ben Aliren gertukoa. Tabiben kasuan, joan den ostiralean jakinarazi zuen fiskal ohiak berak etxean atxilotuta zegoela, argibide gehiagorik eman gabe. Gobernuak ez du eman azalpenik Musiri buruz ere, baina alderdikideek zabaldu dute «pobreenen alde» egiteagatik eraman dutela preso.

Erreformak Ennahdan

Saieden erabakiak aldaketak eragin ditu parlamentuan gehiengoa duen Ennahda alderdian ere. Alderdiko buru Rached Ghannutxik iragarri zuen atzo zuzendaritza osoa kargutik kentzea erabaki zutela «garai berrietako beharrei» erantzungo dien buruzagitza bat osatu ahal izateko. Ghannutxik berak kritika gogorrak entzun behar izan zituen uztailean: Saiedek gobernuburua kargutik kendu izana estatu kolpetzat jo zuen Ghannutxik, baina alderdiko hainbat kidek iritzi diote buruzagiak ez zuela ahalegin nahikorik egin estatuburua geldiarazteko —Ghannutxi parlamentuko presidentea ere bazen orduan—, eta haren dimisioa eskatzen dute orain.

2011ko iraultzaz geroztik, Ennahda izan da Tunisiako alderdi nagusia, eta haren presioek bultzatu zuten Ben Ali bera ere kargua uztera. Gainera, geroztik osatutako koalizio gobernu guztietan parte hartu du alderdiak. Baina, azken hilabeteetan, herritarren babesa galduz joan da, krisi ekonomikoaren eta zerbitzu publikoetako hutsuneen ondorioz. Gainera, uztailaren amaieran, Ennahda eta Qalb Tunis alderdiak ikertzeko agindu zuen Saiedek, bozetarako kanpainan atzerriko finantzaketa jaso zutelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.