Parisko Dei Auzitegiak uztailaren 21 arte atzeratu du Esnali buruzko erabakia

Baldintzapean aske gelditzeko eskaeraren erantzuna atzo ematekoa zuten. Presoaren «arriskutsutasunari» buruzko iritziaren beha daude

Esnalen sostenguzko elkarretaratzea, maiatzean. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Maiatzaren 19an egin zuten Parisko Dei Auzitegian Jakes Esnal euskal presoa baldintzapean libratzeko galderaren inguruko auzia. Erantzuna atzo ematekoa zuten, baina prozedura luzatu egin da, eta, azkenean, uztailaren 21ean eginen dute berriz auzi saioa. Maiatzeko auzi saioan epaileak galdera egin zuen ea ez ote zaion Esnalen eskaerari buruzko beste iritzi bat eskatu behar CPMS Segurtasun Neurrien Diziplina Anitzeko Batzordeari, eta prokuradorea alde agertu zen —euskal presoa askatzearen kontra dago—. Orain, beraz, CPMSren ondorioak biltzen dituen txostena goaitatuko dute, eta uztailaren 21ean eginen dute auzi saioa, txostenaren ondorioak eskuratzean.

Korapilatsua da Esnalen afera. Izan ere, baldintzapeko askatasuna galdetu zuenean, CPMSen iritzia ukan zuen, 2020ko urtarrilean. Serge Portelli haren abokatuetarik batek azaldu du iritzi horrek bi urtez balio duela, eta, beraz, maiatzean epaitu zutelarik iraungia zela esan zuela epaileak. «Iritzi hori ematen dute preso bat arriskutsua den errateko. 2020ko urtarrilean, erran zuten ezetz. Orduan, zer? Orain, bi urtez, arriskutsua bilakatu da? Eztabaida faltsu bat da», azaldu duenez: «Norbait arriskutsua den edo ez jakiteko, ez da bakarrik izaera kontuan hartzen, dena den. Testuingurua ere kontuan hartu behar da; denek dakite hori. Ikusiz euskal herritarrek bakearen alde hartu duten bidea, ulertezina da erabakia». Haren ustez, Dei Auzitegiak «goiz ala berant errealitatea eta ebidentzia onartu eta Esnal libratzako erabakia hartu beharko du».

Xantiana Cachenaut haren ordezko abokatuak, halaber, azaldu du arriskua badela prozedura gehiago «luzatzeko». Izan ere, uztailaren 21erako Dei Auzitegiak CPSMren iritzia ez badu eskuratua, oraino gehiago atzeratu daiteke auzi saioa, eta, beraz, erabakia. «Jadanik oso luzea izan den prozedura bat are gehiago luzatzen ari da. Ondorioa da Esnal kartzelan atxikitzen dutela, jakinda Espainian kondenatua izan balitz kalean egonen zela jada duela urte batzuk. Prokuradoreak helegiterik ez balu jarri, hurbilekoekin legoke», oroitarazi du.

Erabaki «onartezina»

Bakegileek erabakia gaitzetsi dute berehala. «Zilegi da erabaki horren gibelean diren arrazoien inguruan dudak sortzea. Ez dugu onartzen terrorismoaren kontrako logikak eskubideak alde batera uztea eta estatu mendekuak etengabe irautea», erran dute. Hala, ekainaren 11n Baionan eginen duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute berriz. Gainera, Esnalen kontrako erabakia salatzeko, ekainaren 15ean protesta eginen dute Baionako suprefeturaren aitzinean, 18:30ean.

EH Baik ere deitoratu du prozedura luzatu izana. «Zer mezu pasarazi nahi du Frantziako Gobernuak? Euskal Herriko jendartearen gehiengo zibil eta politikoaren nahia noiz arte zapalduko du?», galdetu dute. Halaber, Parisen «blokeo» egoera salatu, eta erran dute Bakegileek larunbatean antolatutako protestara batuko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.