EH Bilduk demokrazia eta burujabetza aldarrikatuko ditu Aberri Egunean

Koalizio subiranista Iruñean mobilizatuko da, 'Maite dugun herria' lelopean. Erabakitzeko ahalmena jarriko dute erdigunean

Bakartxo Ruiz eta Unai Urruzuno, atzoko agerraldian. EH BILDU.
Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herriarentzat «demokrazia eta burujabetza» aldarrikatzeko baliatuko du EH Bilduk aurtengo Aberri Eguna. Koalizio subiranistako bozeramaile Bakartxo Ruizek eta Unai Urruzunok azaldu dutenez, Iruñean mobilizatuko dira, Maite dugun herria lelopean. Haien helburua da apirilaren 9ko mobilizazioa izatea egungo erronkei erantzuteko «konpromiso kolektiboaren» erakusleiho.

Ez dira «garai errazak» estaturik gabeko nazio batentzat, Urruzunoren hitzetan: «Herri txikia, zatitua eta ukatua izaten jarraitzen dugu. Besteen erabakien menpe segitzen dugu». Nazioartera begira, eledunak adierazi du demokraziaren eta autoritarismoaren arteko talka areagotu egin dela azken urteetan, eta «krisi anizkoitz bat» bizi duela gizarteak. «Aurrekaririk gabeko» krisi ekonomiko, energetiko, klimatiko eta soziala.

Horren aurrean, Urruzunok ezinbestekotzat jo du erabakitzeko ahalmena erdigunean jartzea, Euskal Herriak ere bere erabakiak hartzeko eskubidea duelako.«Amesten dugun euskal errepublika erdietsi bitartean, herri honen burujabetza politiko eta materialaren aldeko borroka ezartzea»beharrezkotzat jo du eledunak: «Ezin dugu itxaron euskal errepublika lortu arte, erronkei komunitate bezala egin behar diegu aurre».

Iazko Aberri Egunean Amaiurko gatazkaren bosgarren mendeurrena gogoratu zuen koalizio subiranistak. Hala, Ruizek gogoratu du mendez mende izandako oztopoek XXI. mendean ere jarraitzen dutela. Horien aurrean, EH Bilduren proposamena «pertsona aske eta parekideen» euskal errepublika dela ere azaldu du, eta horretarako «konpromiso kolektiboa» aldarrikatuko dutela apirilaren 9an.

Urruzunok azaldu du Aberri Eguna «borroka, aldarrikapena eta festa» uztartzeko eguna dela, eta 12:00etan egingo duten manifestazioan zein egunean zehar egingo dituzten ekitaldietan parte hartzeko deia egin die «Euskal Herriko ezkertiar, independentista, euskaltzale eta feminista guztiei». Eledunaren hitzetan, «konpromiso irmo, militante eta nekaezinaren» erakusleiho izango da Aberri Eguna: «Amesten dugun Euskal Errepublikarekiko anbizioa erakutsiko duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.