Hegoaldeko ogasunek urte hasieran ekingo diote Tobin eta Google tasak biltzeari

Espainiako Kongresuak gehiengo handiz onartu du Kontzertu Ekonomikoaren erreforma. 250 milioi euro bilduko dira zerga berriekin

Siemens Gamesaren planta bat. Tobin tasa ordaintzen hasi beharko du. I. U. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuak kontzertu ekonomikoaren erreforma onartu du, eta, ondorioz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ogasunek beren gain hartuko dute finantza transakzioen (FTZ) eta zerbitzu digital jakin batzuen gaineko zergen (ZDJZ) kudeaketa: alegia, Google eta Tobin tasak deritzenena. Nafarroako Gobernuak ere akordio bat egin du Espainiako Gobernuarekin zerga horiek biltzeko.

Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak uztailean lortu zuten akordioa. Xehetasunak ere lotu zituzten, baina kongresuaren bozketa falta zen. Atzoko bozketak tramite itxura zuen, eta hala izan zen. Ciudadanos eta Vox ez beste alderdi guztiek babestu zuten aldaketa. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak atseginez hartu zuen babes handia, eta, zehaztu zuenez, urte berria hasi bezain laster hasiko dira zerga berriak biltzen.

Hego Euskal Herriko ogasunek zerga berriarekin 250 milioi eurobiltzea espero dute. Azpiazuk iragarri zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 220 milioi euro inguru bildu zituztela, baina azken asteetan apaldu egin du datu hori. Nafarroako Gobernuak, berriz, iragarri zuen urteko 30 milioi euro inguru bilduko dituela.

Datuen zenbatekoa kontuan hartuta, ez dira igoera handiak—Araba, Bizkai eta Gipuzkoan aurten 15.578 milioi euro biltzea espero dute zerga guztiekin, eta Nafarroan, 3.819 milioi—, baina, Azpiazuren ustez, akordio honen garrantzia ez datza bildutako kopuruan bakarrik: «Euskal zerga sistema bizirik dagoela berresten du. Europa ekonomiaren digitalizazio handiago baten bidean dago, eta kontzertuak bere egiten ditu joera berriak».

Bederatzi enpresa

Hego Euskal Herrian 9 enpresak egin beharko diote aurre Tobin tasari: Iberdrolak, BBVAk, Siemens Gamesak, Vidralak, CIE Automotivek, Gestampek, Euskaltelek, Faes Farmak eta Viscofanek. Burtsan mila milioi eurotik gora balio dutenak dira. Haien akzioen salerosketaren ordaina jasoko dute foru ogasunek, akzioaren balioaren %0,2, hain zuzen ere.

Google tasak, berriz, %3ko zerga ezartzen die Interneteko publizitate, bitartekaritza eta datu transmisiorako zerbitzu digital handiei. Zerbitzu horietan parte hartzen duen erabiltzailea Arabakoa, Bizkaikoa edo Gipuzkoakoa bada, lurralde horietan pagatuko dute zerga. Merkataritza elektronikoaren BEZari dagokionez, kontsumoaren lurraldea izango da ordainketarako irizpidea. Alegia, eroslea bizi den lurraldekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.