Espetxe eta kanporatze eskaerak Huerta de Peraltan

Azkoiengo enpresa horretako langile baten aurka, bi urte eta erdiko kartzela zigorra eta bortz urteko kanporatzea eskatu du fiskalak

LAB sindikatuko kideak, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
5.600 euro baino gehiago 30 isunetan eta hiru sindikalistaren aurkako zigor prozedurak. Huerta de Peralta enpresan hasitako borroka sindikalak ekarritako ondorioak aletu zituen atzo LAB sindikatuak, Iruñean. Lan gatazka horri lotutako lehen epaiketa uztailaren 2an egingo dute.

Iazko udazkenean ekin zioten Azkoiengo barazki enpresa horretako langileek protestari, lan baldintza hobeak eskatzeko eta kaleratutako lankideak berriro harrarazteko. 28 egunen ondoren utzi zuten, akordio bat lortuta. Greba bukatu eta hilabete batzuetara ailegatu dira isunak eta auzibideak. Foruzaingoaren ekinaldiz, hiru sindikalistaren kontrako zigor bideak ireki ditu fiskaltzak, desordena publikoa eta autoritatearen kontrako delitua egotzita.

Kanporatze agindua ezarri nahi dioten langile baten kasua dadenetan larriena, sindikatuaren ustez. Autoritatearen kontrako atentatua argudiatuta, fiskaltzak bi urte eta erdiko espetxe zigorra, eta Hego Euskal Herritik eta Espainiatik bortz urtez kanporatzeko agindua eskatu ditu haren aurka. Gainera, LABek salatu du langile hori bi aldiz zauritu zutela foruzainek protestan ari zela.

Bertze bi auzibideei dagokienez, 2.800 euroko isuna eskatu du fiskaltzak langile baten aurka—hori da uztailean epaituko dutena—, eta bestean oraindik ez dute zigor eskaririk zehaztu.

Huerta de Peraltako kasua ez dela bakana uste du LABek, eta Iruñeko La Sangiovesa jatetxekoa ere oroitarazi du. Sanferminetan jatetxearen kanpoaldean protesta «baketsu batean» parte hartzeagatik, 21 hilabeteko espetxealdira zigortu du LAB sindikatuko kide bat. Sindikatuak errekurtsoa jarriko dio zigorrari.

«Askatasun sindikalaren kontrako epaiketak onartezinak» direla salatu du, eta zentzugabekoa dela, enpresak auzibidean parte hartzeari uko egin diolako: «Foruzaingoak eta fiskaltzak erabaki dute sindikalisten kontrako salaketarekin jarraitzea». LABek gaineratu du «erregimenak bizirik» jarraitzen duela Foruzaingoan eta justizian, eta jazarpen judiziala salatu du.

Justiziaren «patronalizazioaren» kontra mobilizazio kanpaina abiatuko du LABek. Ortzegunean eginen dute lehen protesta zaratatsua, 19:00etan, Justizia Jauregiaren aurrealdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.