Fagor Ederlanek 55 milioi euroren inbertsioa egin du Bergarako planta berrian

Autoetarako aluminiozko piezak ekoizten dituzte bertan: 1,7 milioi urtean. Sektorearen erronkei erantzutea du helburu zuzendaritzak

Urkullu eta Tapia langile bati begira, atzo, Bergaran. ANDONI CANELLADA / FOKU.
aitor biain
Bergara
2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Duela lau urte hasitako hedatze prozesu bat itxi du Fagor Ederlanek Bergaran (Gipuzkoa) ireki duen planta berriari esker. Autogintzaren alorrean diharduen enpresak 2017an jarri zuen martxan behe presioko aluminioa ekoizteko planta Mexikon ere zabaldu zuen beste bat orduan, eta ordutik hona 55 milioi euroko inbertsioa egin du lantegia guztiz hornitu eta garatzeko. Mondragon taldeko kooperatibak Euskal Herrian duen era horretako bigarren planta da Bergarakoa, hain zuzen Arrasaten (Gipuzkoa) du bestea. Egun, 1,7 milioi pieza ekoizten dituzte bertan, eta 220 langile ditu.

Atzo egin zuten inaugurazio ekitaldia, eta han izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretako sailburua, Iñigo Uzin Mondragon taldeko lehendakaria, Aitor Axpe Fagor Ederlaneko lehendakaria eta Juan Mari Palencia zuzendaria. Haiekin batera izan ziren gainerako ordezkari politiko eta langileen ordezkariak ere.

Fagor Etxetresnak enpresaren porrotean erori aurretik Geyser Gastech enpresak betetzen zuen lekuan zabaldu du Fagor Ederlanek planta berria. Munduko premium bezeroentzat aluminiozko piezak ekoizten dituen lantegia da, eta puntako teknologia erabiltzen dute. Izan ere, behe presioko aluminioko galdaraketa teknologian erreferente da Eskoriatzako kooperatiba, eta liderra da munduan auto esekiduren alorrean ere.

Auto fabrikatzaile nagusiak haren bezero dira, eta osagai arinetan dituzten eskakizunei erantzuteko teknologia garatzen dihardu enpresak azken urteetan. Urtean 50 milioi pieza ekoizten dituzte munduan zehar taldeak dituen hemezortzi fabriketan. Datua azpimarragarria da, kontuan izanik urtean 100 milioi auto inguru ekoizten direla munduan. Mondragon taldeko kooperatibak 4.500 behargin baino gehiago ditu talde osoan, eta erdiak baino gehiago Hego Euskal Herrian dituen hamaika enpresatan ari dira.

Iaz 657 milioi euroko fakturazioa izan zuen Fagor Ederlan taldeak, eta hazten jarraitu nahi du datozen urteetan ere. Nazioarteko merkatuetan urak nahasiak egon arren, aurreikuspenak onak dira, taldeko arduradunek adierazi dutenez. Aurten, 700 milioi euroren salmentak egitea espero du taldeak, eta 750 milioi eurorenak lau urte barru. Aurrera begira, edonola ere, isuriak gutxitzea, konektibitatea hobetzea eta lehiakortasunari eustea jarri ditu erronka gisa.

Errotzearen «apustua»

Deslokalizatu gabe nazioartean haztearen alde egindako «apustua» nabarmendu du kooperatibako zuzendaritzak. «Fagor Ederlan mundu zabalean egoteko arrazoi oso argi bat daukagu: hemen errotuta segitzea. Badakigu erantzukizun sozial handi bat daukagula, eta ez dugu kale egingo», adierazi du Aitor Axpe Fagor Ederlaneko lehendakariak inaugurazio ekitaldian.

Autogintzaren sektoreak dituen zailtasunez eta erronkez mintzatu da Iñigo Uzin Mondragon taldeko lehendakaria, bestalde. Egungo egoeraren berezitasunaz jakitun izanda ere, nabarmendu du enpresak lehiakortasunari eutsiko diola. «Ez dakigu nolakoak izango diren etorkizuneko autoak, baina guk apustua egingo dugu sektorean jarraitzeko».

Hain zuzen, Iñigo Urkullu Eusko Jaurkaritzako lehendakariak nabarmendu du Fagor Ederlan etsenplu bat dela. Industria eta autogintza sektorea krisian egonagatik ere, kooperatibak inbertsioak eginez «erantzun» duelako: «Eraldaketaren adibide positiboa da Fagor Ederlan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.