Santander bankuak ehun lanpostu agindu ditu Bilboko zentro berrian

Software, 'big data' eta zibersegurtasunean adituak kontratatuko ditu, Openbank banku digitalaren nazioartekotze prozesuan laguntzeko

Openbanken bulego teknologiko bat. BERRIA.
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Santander bankuaren adar digitalak, Openbankek, iragarri du garapen teknologikorako zentro bat irekiko duela aurki Bilbon. «Kualifikazio handiko» ehun lanpostu sortuko dituela agindu du: software ingeniariak nahi ditu webguneak eta sakelako aplikazioak sortzeko, baita big data-n eta zibersegurtasunean adituak ere. Openbankek merkatu berrietara hedatu nahi du, eta Bilboko lantegikoek nazioartekotze prozesu horretan lan egingo dute.

Openbankeko giza baliabideetako zuzendari Leticia Pacho, datuetako zuzendari David Gesto, eta teknologia adarreko buruCristobal Miralles Bilbon izan ziren atzo, banku digitalaren asmoen berri emateko. Azaldu zutenez, oraindik ez dute itxi zehazki zer lekutan jarriko duten zentroa, baina bai Abandon izango dela, Bilbo erdialdean. Langileak lantokian bertan eta etxetik lanean arituko dira, erdia eta erdia.

Santander bankuaren adarrak beste hub teknologiko bat ireki zuen uztailean, Valentzian. 200 langile izango ditu han. Bi urtean, ehun langile kontratatu nahi ditu Bilborako, baina ez du baztertu urte batzuk barru gehiago izatea.

Esperientzia duten langileez gain, langile gazteak ere hartu nahi dituzte. EHUko eta Deustuko unibertsitateetara zuzenean jo nahi dute bilatzen duten langile soslaiaren bila. «Garrantzi handiko unibertsitateak» gertu izatea eta Bilboren «izaera kosmopolita» eta tradizio industriala pisu handiko arrazoiak izan dira Bizkaiko hiriburua hautatzeko.

Edonola ere, Openbankeko arduradunek zehaztu dute langile guztiak ez direla Bilbokoak eta Euskal Herrikoak izango. «Euskadira talentua erakarri nahi dugu [...] talentu teknologikoa oso beharrezkoa delako Openbanken moduko entitate batentzat». Eta ez dute baztertu atzerrian lan egiten ari diren euskal herritarrak ere kontratatzea. Bilbo «lehen mailako bizi kalitatea» duen hiria izateak lagun dezake behar duten soslaiko profesionalak erakartzen.

Openbankeko arduradunek erakunde publikoen aldetik jasotako laguntza eskertu dute. Aurkezpenean izan da Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ere, eta pozik azaldu da, proiektuak «enplegua, talentua eta berrikuntza sortuko eta erakarriko duelako», eta «Bilbori lagunduko diolako, teknologiaren eskutik, finantza hiriburu gisa zuen lekua berreskuratzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.