Albistea entzun

Gerra Ukrainan

Zelenskiren ustez, Errusiak «arma gisa» erabiltzen du elikagai urritasuna

Ukrainako presidenteak aurrenekoz hitz egin du NBEren egoitza nagusian. «Bake formula baten xehetasunak» plazaratzekoa da, gaur
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, atzo, NBEren Batzar Nagusian hitz egiten.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, atzo, NBEren Batzar Nagusian hitz egiten. JUSTIN LANE / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2023ko irailak 20

Volodimir Zelenski bideokonferentziaz mintzatu zen iaz NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian, baina atzo ez; atzo erakundearen egoitza nagusian egon zen Ukrainako presidentea, New Yorken, eta salatu zuen Errusiak «arma gisa» erabiltzen duela elikagai urritasuna. Izan ere, Errusia zerealen itunetik atera zen uztailean, eta, hortaz, atzera, iazko otsailean inbasioa hasi zenetik abuztura bitartean bezala, Ukrainak ezin ditu laboreak garraiatu Itsaso Beltzetik. «Ez da soilik Ukrainaren kontrako erabaki bat. Afrika mendebaldeko kostaldetik Asia hego-ekialderaino ari da nabaritzen inpaktua».

Ukrainako presidenteak babes bila jo du AEBetara. Bihar Joe Biden hango presidentearekin da biltzekoa —biek azken hamar hilabeteotan egingo duten aurrez aurreko laugarren bilera izango da—.

Eta gaur NBEren Segurtasun Kontseiluan hitz egitekoa da Zelenski. Nahi du Errusia ez izatea segurtasun kontseiluko kide iraunkorra; hau da, kanporatu dezatela organo horretatik. Errusiaz gain, Txina, Frantzia, Erresuma Batua eta AEBak dira kide iraunkorrak, eta beto eskubidea dute. Herrialde horietako estatuburu edo gobernuburuen artean, Biden da asteon batzar nagusian parte hartuko duen bakarra. Zelenskik atzo aurreratu zuenez, iazko batzar nagusian «bake formula baten lerro nagusiak» plazaratu zituen, eta gaur, segurtasun kontseiluan, bere «asmoa» da horren «xehetasunak» aurkeztea.

Biden izan zen atzo jendaurrean mintzatu zirenetako bat, eta Etxe Zuriko maizterrak berretsi zuen jarraituko dutela Ukrainari laguntzen. Paraleloki, Kievi ekipamendu militarra ematen segitzeko eskatu zien Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkariak, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideei, atzo, Ramsteinen (Alemania), Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldearen bileran.

Babes diplomatikoa ere behar du Ukrainak, Errusiaren inbasioa hasi zenetik urte eta erdi igaro den honetan. Izan ere, aintzat hartu behar da G20 taldeko herrialdeek duela bi aste saihestu egin zutela gerra gaitzestea, nahiz eta adierazpen bateratuan «estatu guztiei» eskatu zieten lurralde batasuna errespetatzeko.

AEBetako presidenteak nabarmendu zuen atzo Errusia dela Ukrainako gerraren «erantzule bakarra» eta hark duela hori «berehala» bukatzeko gaitasuna. NBEko kideei esan zien «eraso izugarriaren» aurrean «irmotasuna» mantendu behar dela. «Modu horretan, etorkizuneko balizko erasotzaileei asmoak kenduko dizkiegu».

Ez zuen aipatu gerra amaitzeko negoziazio baten aukera. Bai, ordea, Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteak. NBEko estatuak deitu zituen «negoziazio espazio bat» sortzeko helburuarekin lan egitera. «Ez ditzagun gutxietsi bakea lortzeko zailtasunak, baina irtenbide bakar bat ere ez da iraunkorra izango, ez baldin bada elkarrizketan oinarritzen».

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak ere diplomaziaren bidea ibiltzea aldarrikatu zuen, eta ohartarazi zerealen ituna bertan behera geratu izanak beste krisi bat eragin duela munduan —Errusiak, Ukrainak, Turkiak eta NBEk sinatu zuten akordio hori iazko uztailean

2030 Agenda betetzea asmo

Ukrainako gerra gorabehera, atzo hasi eta datozen egunetan New Yorkeko egoitzan egingo dituzten bileren asmoa da, NBEren beraren arabera, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan jasotako hamazazpi helburuak betetzen ahalegintzea. 2015ean adostu zituzten, eta, gaur-gaurkoz, bete gabe daude; batez ere, garabidean dauden herrialdeetan. Horiek laguntza eskatzen diete Mendebaldeko herrialdeei. «Gose direnak elikatzen ez baditugu, gatazkak elikatzen ari gara», adierazi zuen Antonio Guterres NBEren idazkaria nagusiak atzo, saioa irekitzeko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Ukrainako armadako soldadu bat, tanke bat ondoan duela, aurreko uztailean Donetsk eskualdean (Ukraina). ©OLEG PETRASIUK / EFE

Fronteko lerroa ia ez da mugitu

Igor Susaeta

Hiru hilabete igaro dira Ukrainak kontraerasoa hasi zuenetik, baina ezin izan du eman aurreikusitako aurrerapausorik. Horrek eragina izan dezake Mendebaldearen jarreran.
Brasilgo indigena bat, atzo, herrialdeko Auzitegi Gorenaren aurrean, negarrez, indigenen lur jabetza eskubideari buruzko epaiaren berri izan ostean. ©Andre Borges, EFE

Indigenen jabetza eskubidea mugatzearen kontra ebatzi du Brasilgo Gorenak

Gorka Berasategi Otamendi

Nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren lobbyak eta ultraeskuinak aurkeztutako argudioen kontra egin du epaileen gehiengoak. Horiek eskatzen zuten indigenen lurren aitortza mugatzea 1988an okupatuta zituztenetara.

Libia, beste krisi bat eragozteko premia

Beste krisi bat eragozteko premia

Gorka Berasategi Otamendi

'Daniel' ekaitzak milaka lagun hil ostean, Libiako Derna hirian ia galdua da inor bizirik topatzeko itxaropena. Erreskate lanetan izan diren Accion Norteko kideek azaldu dutenez, epidemiarik ez sortzea dute orain lehentasuna.
Batasun Nazionaleko Gobernuko lehen ministroa, 2021eko irudi batean. ©EFE

Zatiketa amaitzeko deia

Ricard Gonzalez

Libiako egoera politiko kaotikoak zerikusia izan du hondamendiaren larritasunarekin: herrialdea bi gobernutan zatituta dago. Uholdeek berriz utzi dute agerian batasunerako beharra.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.