Hizkuntzarekin jolasteko unitate sorta

Unitate didaktikoen sorta bat sortu dute 5. eta 6. mailako ikasleentzat, Eusko Ikaskuntzak bultzatuta. Euskararen erabilera sustatzeko hiru unitate ditu: Mahai-jolasa, Sare Sozialetan eta Txistealdia

Unitate didaktikoen aurkezpena, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Ikasleek hizkuntza ikasi bakarrik ez, harekin ere jolas egin dezaten. Horretarako sortu dute Hizkuntzarekin Jolasean unitate didaktiko sorta. Webgune batean bildu dute emaitza, eta hor dago eskuragai hiru unitatek osatzen duten jarduera multzoa: mahai jolas bat diseinatzeko unitatea, sare sozialetarako umorezko edukia asmatzekoa eta txisteak sortu eta kontatzen trebatzekoa. Ikasgelan baina ongi pasatuz aritzeko prestatu dute. Hain justu, horixe baita unitateen helburua: Lehen Hezkuntzako 5. eta 6.mailako ikasleak euskaraz jolasaren bidez mintza daitezela, eta sormena erabilita.

Eusko Ikaskuntzaren Asmoz fundazioaren egoitzan aurkeztu zuten atzo Hizkuntzarekin Jolasean unitate didaktiko multzoa, Donostiako Miramar jauregian, eta han izan ziren unitate didaktikoen egileak: Kike Amonarriz zuzendaria, Iñaki Zapirain aholkulari pedagogikoa, Leire Ruiz de Angulo diseinatzailea eta Antton Telleria aurkezlea. Telleria bera da, hain zuzen, unitateetako «irudia eta gidaria», hura agertzen baita jardueren azalpen bideoetan. Amonarrizen hitzetan, «hitzaren azti txiki bat» delako hura ere: «Iruditzen zitzaigun erakusle eta gidari izango zena eredu edo erreferentzia ere izan behar zela».

Nahieran erabiltzeko

Unitate sortaren izenak berak dioen gisan, hizkuntzarekin jolastea du helburua: taldean egin beharreko hainbat ariketaren bitartez, ikasleek mahai jolas bat, sare sozialetarako umorezko euskarriak eta txisteak sortu beharko dituzte, bertzeak bertze. Webgune batean bildu dute guzia, eta, Amonarrizek azaldu duenez, dohainik dago nahi duen orok erabil dezan: «Kopiatu daiteke, ondo kopiatuz gero» , erran du, umorez. Zapirainek nabarmendu duenez, «metodologia aktiboetan» oinarritu dira edukia diseinatzeko —halaxe egin zuten Tribuaren Berbak unitate didaktikoarekin ere—. Eta, jolas egiteko ez ezik, edukiak ikasteko ere balioko du, Zapirainen erranetan. «Helburu nagusia da ikasleak jolasean jartzea eta hizkuntzarekin ondo pasatzea, baina, horrez gain, lantzen dituzten edukiak ere ondo barneratzea».

Unitate bakoitzean hiru fase daude, eta erronka bat proposatzen zaie ikasleei, elkarlanean ariz hari erantzuteko. Webgunearen barnean dauden ariketak, dena den, atalka ere egin daitezkeela zehaztu dute. Zapirain: «Osotasun batekin sortu ditugu, baina jarduerak bakarrik ere landu daitezke».

Unitate didaktikoen asmoa da ikasleen euskararen erabilera sustatzea, eta, horren bitartez, ezagutza linguistikoa hobetu eta hizkuntzarekiko atxikimendua sendotzea. Eta, horretarako, ahalik eta erakargarrien egiten saiatu dira: webgunea dinamikoa da, eta Telleriak berak aurkezten dituen bideoak zein webgunean osa daitezkeen ariketak daude, adibide gisa erabiltzeko. Balioak sustatzen ere saiatu dira, zeharka: genero berdintasuna eta kulturaniztasuna, erraterako.

5. eta 6. mailako ikasleentzat erreferentziak bilatzea kostatu zaie gehien, eta, horretarako, Tolosako eta Errenteriako (Gipuzkoa) gazteei galdetu diete haien erreferenteei buruz. Haiek errandakoei jarraikiz, Zuriñe Hidalgok, Julen Telleriak, Iker Galartzak eta Idoia Torregaraik parte hartu dute proiektuko zenbait bideotan. Unitate didaktikoen egileek zehaztu dute adin horretako ikasleentzat prestatu badute ere zaharragoentzat ere balio duela, eta irakasleentzako argibideak ere txertatu dituzte webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.