Txinaren eta Salomon Uharteen arteko itunak «ez du beste alderik jomugan»

Pekinek eta Honiarak segurtasun lankidetzako akordio bat sinatu dute. Etxe Zuriaren ordezkaritza bat asteon joango da Ozeaniako uhartedira

Txinako eta Salomon Uharteetako ordezkariak, akordioa sinatu ondoren. BERRIA.
ander perez zala
2022ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Txinak eta Salomon Uharteek Asia-Pazifikoan oihartzun eta kezka handia eragin duen segurtasun-lankidetza akordioa sinatu dute. Jakinarazpena Wang Wenbin Txinaren Atzerri Ministerioko bozeramaileak egin zuen, atzo, baina ez zuen zehaztu bi aldeek noiz eta non sinatu zuten itun hori. Hori bai, Wenbinek azaldu zuen dokumentuak Pekinen eta Honiararen arteko lankidetza ahalbidetuko duela uhartediko «ordena soziala mantentzeko, herritarren segurtasuna bermatzeko, laguntza emateko eta hondamendi naturalei aurre egiteko», esaterako. Eta, Australiaren eta AEB Ameriketako Estatu Batuen kritikei, eledunak erantzun zien testuak ez duela «beste alderik jomugan».

Bi aldeek ez dute ia xehetasunik eman adosturikoari buruz, baina iragan martxoaren 24an filtratu zen Salomon Uharteen eta Txinaren arteko akordioaren zirriborroa. Horren arabera, uhartediak eskaria eginez gero, Pekinek, besteak beste, «poliziak, polizia armatuak eta tropak» bidali ahalko ditu herrialde horretan «ordena ezartzen laguntzera»; are, bere «beharren» arabera, Txinak baimena izango du uharte multzora «itsasontziak eta logistika» eramateko, baita Salomon Uharteak bidaietako trantsizio gune gisa erabiltzeko ere.

Batez ere azken baimen horiek eragin dute kezka inguruko estatuetan, Txinak uhartedian base militar bat eraiki nahi duela iradoki baitezakete; Salomon Uharteetako lehen ministro Manasseh Sogavarek, ordea, esan zuen ez duela halakorik «onartuko».

Uhartedia Australiaren aliatua izan da, baina urteotan atzerri politikako estrategia aldatzen aritu da; batez ere, 2019an Taiwanen independentzia onartzeari utzi eta Txinari irla horren subiranotasuna aitortu ziotenetik. Sinaduraren jakinarazpenaren bezperan, AEBen Estatu Departamentuko bozeramaile Ned Pricek adierazi zuen akordio horrek «aurrekari kezkagarri bat» jarriko duela Asia-Pazifikoan, eta eremua «desegonkortuko» duela.

Bisita sorta

Mendebaldeko herrialdeak presio egiten saiatu dira, baina badirudi ez dutela ezer lortu. Zed Seselja Australiaren Nazioarteko Garapenerako eta Pazifikorako ministroa uhartedian izan zen iragan astean, eta AEBek «aste amaierarako» ordezkaritza bat bidaliko dute hara, Etxe Zuriak herenegun jakinarazi zuenez.

Horretaz,Txinako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak esan zuen eremuko uhartediak ez direla «inoren atzeko patioak, eta are gutxiago [potentzien] etsaitasun geopolitikoaren peoi bat». Hala, defendatu zuen Salomon Uharteek harremanak «askotarikotzeko eskubidea» dutela, eta inguruko herrialde guztiekin ados jartzekoa.

Txinak geroz eta influentzia handiagoa du, eta, hori ikusirik, AEBek iragan hilabetean adierazi zuten Salomon Uharteetako enbaxada berriz irekiko zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.