Volkswagenek hirugarren modeloa eskaini du produktibitatearen truke

UGT sindikatu nagusia prest azaldu da Wolfsburgen eskaera aztertzeko, beste modelo bat «ez delako kapritxo bat, behar bat baizik»

VWen fabrikaren sarrera, Iruñeko Landaben industrialdean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Modelo berri bat egiteko lehian sartu da Nafarroako Volkswagentaldeko beste hiru lantegirekin. Landabenek bi modelo egiten ditu orain: Polo, 1984az geroztik, eta T-Roc izenekoa, iaztik. Beste bat egiteko aukera du, hirugarrena, baina, horretarako, Alemaniako multinazionalak eskaera garbi bat egin dio: produktibitatea handitu behar du, eta kostuak kontrolatu. Plantako sindikatu nagusia, UGT, ahaleginak egiteko prest azaldu da, hirugarren modeloa giltzarritzat jotzen baitu behar bezala iristeko Landabenen hurrengo erronkara: auto hibridoak eta elektrikoak egitea.

Nafarroako VW zuzendaritza enpresa batzordearekin elkartu zen atzo, langileen ordezkariei jakinarazteko zeintzuk diren Wolfsburgeko egoitza zentralaren asmoak eta eskaerak. «Eskatutako produktibitate helburuak betetzea» da eskaera nagusia; hau da, egunean auto gehiago egitea. 2018an, egunero 1.408 ibilgailu egin zituzten, eta orain1.438ra igo nahiko luke Alemaniako zuzendaritzak.

Eskaera hori betetzeko, langileek ahalegin handiagoa egin beharko dute. 2016an, T-Cross modeloa lortze aldera, lanaldia luzatzea eta langile sartu berriei gutxiago ordaintzea onartu zuten, besteak beste.

Aurtengo otsailean, berriz, sei urterako lan ituna sinatu zuten zuzendaritzak eta langile batzordean gehiengoa duten sindikatuek —UGTk, CCOOk eta CCPk—. Itunetik kanpo geratu ziren ELA, LAB eta CGT. Martxoaren erdialdera egindako hauteskunde sindikaletan, langileek ildo hori babestu zuten, bi ordezkari gehiago eman zizkietelako sinatzaileei (orain hogei dira) eta bi gutxiago kritikoei (zortzi).

Hitzarmen luze bat lortzea zen baldintzetako bat Landaben hirugarren modelo baterako lehian sar zedin, taldeko ekoizpen eta logistika zuzendari Andreas Tostmannek onartu zuenez. Itun horrekin, KPIz gorako soldata igoerak izango dituzte 2023ra bitarte, errelebo kontratua erabiliko dute lan taldea gaztetzeko, eta zuzendaritzak malgutasun handiagoa izango du lanaldia antolatzeko.

Wolfsburgoko zuzendaritzak ez du artean jakinarazi zer neurri hartu nahi dituen produktibitatea handitzeko, baina atzo UGT sindikatu nagusiak iragarri zuen prest dagoela proposamena aztertzeko. Izan ere, sindikatu horrek uste du Landabenek derrigorrezkoa duela modelo hori. «Argi dago hirugarren modeloa ez dela kapritxo edo luxu bat, baizik eta beharrezkoa dela, auto elektrikorako trantsizioaren atarian baikaude, eta horrek zalantzaz betetako etorkizuna dakar». UGTren arabera, hiru modelo egitea «funtsezkoa da epe ertainera, aukera handiak izango lituzkeelako auto elektrikorako norabidean». Oraingoz, VWek erabaki du teknologia elektriko guztia Alemanian biltzea, eta argi utzi du epe ertainean Iruñean ez dutela halakorik egingo.

Aurki erabakiko dute

UGTk ziurtatu du aurki egingo dela hirugarren modeloaren adjudikazioa, eta horregatik eskatu die sindikatuei eta Landabengo zuzendaritzari akordio bat egiteko aste honetan edo hurrengoan.

Modeloa CUV bat izango litzateke, hau da, Crossover Utility Vehicle, edo noranahiko itxurako auto bat. Azken urteetan asko handitu da horien eta SUV (Sport Utility Vehicle) deitutakoen eskaera eta eskaintza, eta iaz Europako Batasunean saldutako autoen heren bat dira dagoeneko. CUV berri horren ekoizpenak Poloren zati bat ordezkatuko duela espero da, orain salgai dagoen modeloa 2017koa baita, eta haren salmenta apaltzen ari delako autoa zahartu ahala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.