Trumpek sari sinbolikotzat aurkeztu du EIko liderraren hilketa

AEBetako presidentearen Ekialde Hurbileko politika auzitan paratu dutenean hil dute AEBek Estatu Islamikoaren sortzailea, Sirian

AEBek Al-Baghdadiren aurka egindako erasoak sortutako txikizioa, herenegungo irudi batean, Barixan. YAHYA NEMAH / EFE.
mikel rodriguez
2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Osama Bin Laden hil eta zortzi urtera, AEBek muturreko islamismo sunitaren hurrengo lider nagusia hil dute. Bin Laden bezala, ezkutatuta eta lehen lerrotik erretiratuta zegoela atzeman zuten Abu Bakr al-Baghdadi, EI Estatu Islamikoko kalifa, joan den asteburuan, Siria ipar-mendebaldean. «Baghdadi errukirik gabea eta biolentoa zen, eta errukirik gabe eta modu biolentoan hil da», adierazi zuen Donald Trump AEBetako presidenteak, herenegun Etxe Zurian egin zuen agerraldi berezian. Trumpentzat une berezia denean hil dute Al-Baghdadi, Siriako Kurdistandik erretiratzeko agindua eman ondoren, haren Ekialde Hurbileko politika auzitan paratu baitute, oposizioak ez ezik, baita aldeko anitzek ere. Balio sinboliko handia du EIren liderraren hilketak, baina ez du berebiziko aldaketarik eraginen gerraren garapenean.

Trumpek herenegun jakinarazi zuen hilketa, eta atzo xehetasun gehiago eman zituzten AEBetako iturriek. Horien arabera, EIko burua Barixa izeneko udalerri batean hil zuten, Turkiako mugatik hurbil, eta herrialde horrek Sirian duen base militarretako batetik kilometro gutxitara. Trumpek kontatu zuenez, bi ordu iraun zuen AEBetako armadako indar bereziek egin zuten erasoak, eta Al-Baghdadik bere burua leherrarazi zuen «zokoratuta» zegoenean. Trumpek aise erabili zituen kalifikatiboak: «txakur bat bezala hil da», «negarrez, intzirika eta garrasika hil da»... Al-Baghdadiren hiru seme-alaba ere hil zirela jakinarazi zuen AEBetako presidenteak.

SDF Siriako Indar Demokratikoen goi ordezkariek adierazi dute AEBei lagundu dietela Al-Baghdadi harrapatu eta hiltzen, eta, egun berean, Siriako Jarabulus hiritik gertu Abu al-Hassan al-Muhajir hil zutela, Al-Baghdadiren «eskuin besoa». Nahasgarriagoa da Turkiaren rola, EIko buruzagia non hil duten kontuan hartuta. Herrialde horretako ordezkariek kontraerranezko mezuak eman dituzte; atzo, Ibrahim Kalin presidentetzako bozeramaileak Reuters agentziari erran zion «elkarlan sakona» izan zutela AEBetako armadarekin operazio militarrean. Al-Baghdadi hil duten Siriako probintziako zati gehiena Al-Qaedari lotutako taldeen menpe dago.

Al-Baghdadik 2014an hautsi zuen Al-Qaedarekin, eta urte horretako ekainean aldarrikatu zuen kalifa herriaren sorrera Irakeko Mosul hirian, bere burua kalifa izendatuta. EIk 2017an galdu zituen menpean zituen hiririk inportanteenak, eta aurten desegin da erabat kalifa herri hori. Dena den, Sirian eta Iraken hilketak eta erasoak egiten segitzen du; herrialde anitzetako muturreko taldeek haren izenean jarduten dute; eta haren jarraitzaileek nazioartean atentatuak egiteko asmoari eusten diote.

SDF erretiratzea

Siriako gerra, berriz, bertze fasean batean dago. SDFk atzo adierazi zuten Turkiako mugatik 30 kilometro hegoaldera erretiratu direla, eta Siriako Gobernuak mugimendu horri «ongietorria» egin dio, eta Turkiari eskatu dio «erasoa gelditzeko». Ankarak, ordea, erantzun du kurduen miliziak ez direla «guztiz erretiratu mugatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.