IEAk dio CO2 isurketak inoizko handienak izango direla bi urteren buruan

Mundua klima larrialdian bada ere, agentziaren esanetan pandemia osteko berraktibatze ekonomikoak erregai fosilak ditu oinarri

Ikatzezko zentral bat Bergheimen, Alemanian. SASCHA STEINBACH / EFE.
inaki petxarroman
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Alemaniako uholde suntsitzaileek munduaren arreta erakarri dute egunotan, duela hiru aste bero zapak Kanadako mendebaldeko kostan eragindako triskantzak egin zuen bezalaxe. Adituek diote gertakari horiek klima aldaketarekin zerikusia dutela, baina hori eragin duten berotegi gasen isurketek ez dute etenik. Eta ez dute izango hurrengo urteotan ere, Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) atzo eta herenegun argitaratutako txostenen arabera. Hain zuzen ere, COVID-19aren ondorengo berraktibatze planei erreparatu die agentziak atzo argitaratutako txostenean, eta, lan hori eskuetan, ohartarazi du 2023rako CO2 isurketak inoizko handienak izateko bidean direla. Izan ere, gobernuen asmoek ez diete behar besteko tokirik eman energia berriztagarriei eta karbono gutxiko teknologiei. Urte askotako hazkundearen ondoren, karbono dioxido isurketak %6 jaitsi ziren iaz (2,6 gigatona gutxiago), pandemiak ekarritako etenaldi ekonomikoaren ondorioz.

 

Munduko potentziek iragarri dituzten 16.000 bilioiren inbertsioen zati txiki bat bakarrik (380 bilioi) dagokie proiektu energetiko «iraunkorrei». «Energia garbietako inbertsio horiek, mundua mende erdirako iragarritako karbono neutraltasunetik urrun kokatzeaz gain, ez dute lortuko beste isurketa errekor bat galarazterik», ohartarazi du Fatih Birol IEAko zuzendariak.

Agentziaren arabera, joera «bereziki larria» da garapen bideko herrialdeetan, non, adibidez, eskari elektrikoaren hazkundeak ikatzaren erabilera handitu duen. Eskualde horiek beren «deskarbonizaziorako» inbertsioen % 20 baino ez dituzte betetzen, txostenaren arabera.

Ikatza sektore elektrikoan

Egoera horrek munduko potentzia handien eta herrialde horien arteko lubakia handituko duten beldur da IEA. Hain justu ere, arazo horren neurria erakusten du agentziak astelehenean argitaratu zuen 2021eko lehen sei hilabeteko merkatu elektrikoaren txostenak. Bertan, IEAk jakinarazi du elektrizitate eskaera asko handituko dela aurten (%5) eta hurrengo urtean (%4), eta energia berriztagarrien eskaintzaren hazkundeak ezin diola guztiz erantzun hazkunde horri. Elektrizitate eskaera handitze hori batez ere Indian eta Txinan gertatuko da.

IEAren arabera, berriztagarrien elektrizitate sorkuntza hidroelektrikoa, eolikoa eta fotovoltaikoa barne %8 handituko da aurten, eta %6 hurrengo urtean. Hala ere, horren bidez energia elektrikoaren eskaeraren hazkundearen erdia bakarrik estali ahal izango da. Gainerako %45 erregai fosiletan (ikatza eta gasa, nagusiki) oinarrituko da aurten, eta %5, nuklearrean. 2022an, erregai fosilek hazkundearen %40 beteko dute.

Horiek horrela, sektore elektrikoaren berotegi gasen isurketak %3,5 handituko dira 2021ean, eta %2,5 2022an. Hain zuzen ere, horrek «errekor historiko bat» ekarriko du, IEAren esanetan.

Karbono neutraltasuna

IEAk aurten aurkeztu duen karbono neutraltasunerako bide orriaren arabera, ikatzaren erabilera %6 gutxitu beharko litzateke urtero hurrengo urteotan. Horrela lortuko lirateke 2020tik 2025era planteatzen duen isurketen murrizketen hiru herenak.

Mundua, baina, kontrako norabidean doa. Aurten %5 handituko da ikatzaren erabilera sektore elektrikoan, eta datorren urtean, %3. Gasaren erabilera ere handituko da: %1 aurten, eta %2 heldu den urtean.

IEAk jakinarazi du muturreko fenomeno meteorologikoek hotzaldiak, lehorteak eta beroaldiak etenaldi handiak ekarri dituztela zenbait herrialdetako sektore elektrikoetan. IEA segurtasun elektrikoari eragiten dioten gertakarien jarraipena egiten ari da. Adibide gisa jarri du Texaseko (AEB) otsaileko hotzaldia, milioika lagun elektrizitaterik gabe egon baitziren lau egunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.