Israelek 7.300 etxe gehiago eraikiko ditu Golanen

25.000 kolono bizi dira lurralde okupatuan. 317 milioi dolarreko inbertsioa egingo du

Majdal Shams kolonia, Golango Israelgo aldean. ATEF SAFADI / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Golanen bizi den kolono kopurua bikoizteko asmoa iragarri zuen igandean Israelgo lehen ministro Naftali Bennettek. Datozen bost urteetan 23.000 kolonorentzako 7.300 etxebizitza eraikiko ditu gobernuak lurralde okupatuan—gaur egun 25.000 kolono bizi dira Israelek 1967an okupatutako eskualdean—. Orotara 317 milioi dolar bideratuko ditu eraikuntza lanetara.

Sei Eguneko Gerran okupatu zuen Israelek Siriako lurraldea, eta 1981ean anexionatu. Geroztik bere kontrolpean du, nahiz eta nazioarteak onartu ez. 2019an, ordea, AEBetako orduko presidente Donald Trumpek Tel Aviven alde egin zuen, Golanen gaineko subiranotasuna aitortuz—Joe Biden presidenteak ez du kontrako iritzirik eman, nahiz eta buruzagi demokrata kritikoagoa izan Israelekin—. Bennettek gogora ekarri zuen sostengu hura herenegun, egitasmoa aurkeztu zuenean: «Golan Israelen parte da, argi dago. Garrantzitsua da Trumpek hori onartu izana, baina baita Bidenen administrazioak erabaki hura aldatzeko asmorik agertu ez izana ere». Washingtonen babesak ez ezik, Siriako gerrak ere mesede egin dio Israelen okupazioari. Lehen ministroaren beraren esanetan, Mendebaldearentzat «onargarri» bilakatu da okupazioa, «beste aukera okerragoa litzatekeelako».

Bennett buru duen koalizio gobernuko kide guztiek ez dute iritzi bera Golango okupazioaz, ezta Zisjordaniako lurralde okupatuetan kolonia gehiago eraikitzeaz ere. Meretz alderdi ezkertiarra izan da zabaltze horren aurka agertu direnetako bat. Igandeko bozketan, ordea, lehen ministroak aurkeztutako egitasmoak ez zuen inolako oztoporik izan, eta erraz egin zuen aurrera.

Israeldik joandako kolono juduez gain, 23.000 druso ere bizi dira Golanen, gerraostean bertan geratzea erabaki zutenak.

Siria, haserre

De facto Israelen kontrolpean dagoen arren, Siriako lurraldea da Golan; ondorioz, Tel Aviven iragarpenak haserrea eragin du Damaskon. Siriako Atzerri ministro Faisal Mekdadek gaitzetsi egin zuen atzo egitasmoa, «arriskutsutzat» jo, eta ohartarazi zuen okerragotu egingo duela gatazka. Izan ere, 1967tik gerran daude bi herrialdeak.

Gune estrategikoa da Golan, ez bakarrik Siriako hiriburutik 160 kilometrora baino ez dagoelako, baita handik kontrola daitezkeelako Galileako itsasora eta Jordan ibaira doazen urak. Siriako Gobernua ez ezik, lurralde okupatuan bizi diren drusoak ere zabaltzearen aurka agertu dira. Haietako gehienek senideak eta lagunak dituzte Sirian, eta uko egin diote Israelgo herritartasuna onartzeari.

Nazioartean, berriz, NBE Nazio Batuen Erakundea agertu da kritikoena Tel Avivekin. Abendu hasieran, NBEko Segurtasun Kontseiluak ebazpen bat onartu zuen, non jasotzen zen «nazioarteko legeen aurkakoa» zela Golanen okupazioa. Erakundeko kideetatik bik, AEBek eta Israelek, ebazpenaren aurka bozkatu zuten, eta beste 23 abstenitu egin ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.