Errusiak Lituaniari esan dio ondorioak jasango dituela Kaliningradeko etenagatik

EBk zehaztu du blokeoak zigor sortaren barruan dauden salgaiei soilik eragiten diela. Moskuk Vilniusi egotzi dio Mendebaldeari men egitea

Errusiako gerraontzi bat, Kaliningradetik gertu. ERRUSIAKO DEFENTSA MINISTERIOA/ EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Errusiak Polonia eta Lituania artean duen lurraldea da Kaliningrad —500.000 biztanle—, eta Vilniusek iragan asteburuan lurralde horretako salgaien pasabidea blokeatzeko hartutako erabakiak erabat asaldatu du Errusia, bi herrialdeen arteko krisi diplomatiko bat pizteraino. Horiek horrela, Kremlinek Lituaniari ohartarazi dionez, Baltikoko herrialdeak «ondorio zuzenak eta larriak» jasango ditu. Hala jakinarazi zuen atzo Errusiako Segurtasun Kontseiluko idazkari Nikolai Patruxevek. Haren arabera, blokeo horrek Kaliningradeko inportazio osoaren %50i eragingo dio.

Ordu gutxira erantzun zion Moskuri AEBetako Gobernuak. «NATOko [Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko] gure aliatuen eta Lituaniaren ondoan gaude», adierazi zuen Ned Price Estatu Departamentuko bozeramaileak. Haren esanetan, AEBek aliantzaren bosgarren artikuluarekiko duten konpromisoa «blindatua» da. Artikulu horrek dio NATOko kide batek eraso bat jasotzen badu, kide guztiek hartuko dutela beraien kontrako eraso gisa.

Jokaleku horretan, EB Europako Batasunak Errusian duen enbaxadore Marcus Ederer Errusiako Atzerri Ministerioarekin batzartu zen atzo, Moskun, krisia baretzeko asmoz. Edererrek zehaztu zuenez, Lituaniako Gobernuak Kaliningradera doazen oinarrizko produktuen zirkulazioari ezarritako blokeoak EBren zigor sortaren barruan dauden salgaiei soilik eragiten die; besteak beste, eraikuntzarako materialari, altzairuari eta ikatzari.

Nolanahi ere, Kremlinek mehatxutzat jo du Lituaniak hartutako erabakia. «Errusiak, zalantzarik gabe, erantzuna emango dio ekintza horri, eta Lituaniako herritarrek gogotik nozituko dute. Neurriak aztertzen ari gara, eta luze gabe ezarriko ditugu», ziurtatu zuen Patruxevek, Kaliningradetik bertatik. Zer neurri hartuko dituzten, ordea, ez zuen zehaztu. Horrez gain, Vilniusi egotzi zion nazioarteko zuzenbidea urratzea eta Mendebaldeari men egitea. Era berean, eskatu zuen Kaliningradeko pasabidea «berehala» irekitzeko.

Adierazpen horien aurretik, Anton Alijanov Kaliningradeko gobernadorearekin bildu zen Patruxev, «garraioaren irisgarritasun arazoez» eztabaidatzeko. Halaber, lurralde horretako energia sistemaren etengabeko funtzionamendua bermatzeko neurriei buruz hitz egin zuten, baita eskualde hori eta Errusiako beste eremu batzuk lotzen dituen itsaspeko zuntz optikoaren mantentzearen inguruan ere.

Gerra frontean, Errusiak bere tropa «ia guztiak» bildu ditu Ukraina ekialdean, setiatutako Sievierodonetsk hiriko (Luhansk oblasta) kokalekuei erasotzeko, Hanna Maliar Ukrainako Defentsa ministrordearen arabera. Sievierodonetsken borroka «latzak eta erabakigarriak» izaten ari dira bi aldeen artean, eta Moskuk Luhansk eskualdeko mugetara iritsi nahi du aste honen amaierarako, Maliarren esanetan.

Bestalde, Sievierodonetskeko Azot lantegi kimikotik beste hogei bat zibil atera zituzten atzo, Errusiak Luhanskeko Herri Errepublikan duen enbaxadore Rodion Misoxnikek jakinarazi zuenez. Kremlinen arabera, mila zibiletik gora daude bertan gotortuta, baita Ukrainako zortziehun soldadu ere.

Finlandia, ezkor

Finlandiako presidente Sauli Niinistok atzo onartu zuenez, «zaila» izango da Turkiak FinlandiaNATOn sartzeko eskaerari betoa kentzea, aliantzak hurrengo astean Madrilen egitekoa duen goi bilerarako, ezta «irailerako» ere. Ankarak, Helsinkik eta Suediak batzarra egin zuten herenegun, Bruselan, Eskandinaviako bi estatu horiek erakundera batzeko hautagaitzaz eta Turkiak segurtasun alorrean dituen kezkez eztabaidatzeko. Ostera, ez zuten «aurrerapen handirik» egin, «atea irekita» utzi zuten arren, Niinistoren hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.