Indiako oposizioburuaren aurkako zigorrek lurrikara politikoa eragin dute

Gujarat estatuko (India) auzitegi batek atzo hala aginduta, INC Indiako Kongresu Nazionaleko buru eta Indiako oposizioko lider Rahul Ghandi aurrerantzean ez da izango Lok Sabha Indiako Parlamentuko behe ganberako kide. Gainera, bi urteko espetxealdia ezarri zioten, 2019ko hauteskunde orokorretako kanpainan zera esateagatik: «Zergatik da Modi lapur guztien abizena?». Hori da, hain zuzen, herrialdeko lehen ministroaren abizena, eta, hortaz, haren izena belztea egotzi diote 52 urteko politikariari.
Halere, aukera izango du bi zigor horietatik bati izkin egiteko. Izan ere, auzitegiak 30 eguneko bermea eman dio Gandhiri sententziaren aurkako helegitea aurkezteko. Baina, gaur-gaurkoz, men egin beharko dio parlamentuko behe ganbera uztera behartzen duen zigorrari. Izan ere, Indiako legearen arabera, edozein krimenengatik bi urtetik gorako zigorra duen kide oro automatikoki kanporatu behar da parlamentutik.
Lehen ministroaren aurkako iraina izateaz gain Ghandiren iruzkina Modi abizena duten guztien aurkakoa ere bazela iritzi zioten Indiako Gobernuko hainbat kidek. Izan ere, abizenak lotura du Indiako klase hierarkia tradizionalaren beheko mailekin.
Atzo, Ghandiren abokatuak berretsi zuen ez zela haren asmoa iruzkin horrekin «inor iraintzea». «[Ghandiren] Asmoa herrialdeko ustelkeria salatzea zen», azaldu zuen. Ravi Shankar gobernuan agintzen duen BJP Bharatiya Janata alderdiko diputatuaren arabera, ordea, erabakia herrialdeko prozesu judizialaren arabera hartu zen.
INC alderdiko buruaren aurkako epaia «okerra eta oinarririk gabekoa» dela salatu zuten Ghandiren alderdiko kideek. Are, uste dute epaiak«motibazio politikoak» dituela, eta Modiri eta haren alderdiari leporatu zioten «aurkari politikoen kontra» egitea, eta horretarako lege «diskriminatzaile bat» baliatzea. Haien arabera, difamazioaren legeak urratu egiten du adierazpen askatasuna.
Horiek hala, Gandhiren aurkako sententzia salatzeko mobilizazioak egin zituzten atzo herrialdeko zenbait tokitan. Manifestazioa egin zuten hiriburuan, New Delhin, eta alderdiaren zenbait jarraitzailek protesta isila egin zuten Mumbain. Oihurik egin ez zuten arren, Ghandiren aurpegia erakusten zuten kartelak izan zituzten esku artean, zera ziotenak: «Egiak irabaziko du». Iragarri zuten datozen egunetan mobilizazio gehiago egingo dituztela.
Bide beretik, Ghandik hauxe idatzi zuen atzo Twitterreko bere kontuan, epaiaren berri izan eta gutxira: «Egia eta bakea dira nire erlijioaren oinarriak. Jainkoa da nire egia, eta bakea harengana iristeko modua».
Hauteskundeei begira
Sententziaren ondorioz, baliteke Ghandik denbora batez baztertu behar izatea hauteskundeetara aurkeztea. Izan ere, haren aurkako sententzia behin betiko onartzen badute, ezin izango da aurkeztu 2024ko hauteskunde orokorretara. Herrialdeko legediaren arabera, politikari batek ezin du bozetan parte hartu auzipetuta badago. Are, kartzela zigorra ezartzen badiote, ezin da hauteskundeetara aurkeztu espetxealdia amaitu eta sei urte igaro arte.
Indiak 1947an lortu zuen independentzia. Ondorengo hamarkadetan, INC egon zen herrialdeko gobernuko agintaritzan. Baina, 2014ko hauteskundeetan, Modiren alderdiak irabazi zuen (BJP), eta gehiengoari eutsi zion 2019an egindakoetan. Gaur egun, Kongresuak 51 eserleku ditu Indiako Parlamentuko behe ganberan —543 eserleku daude guztira, eta 303 ditu BJPk—.
Atzo, Kongresu Nazionaleko presidente Mallikarjun Khargek esan zuen Modi buru duen gobernua Gandhiren eta haren alderdiaren «beldur» dela. «Egia esaten duten horiek isilarazi nahi dituzte. Demokrazia hiltzeko saiakera bat da».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.