Iranen menpeko Kurdistango herritarrak etenik gabe ari dira protestan joan den ostiraletik. Irango Moralaren Poliziak aurreko asteartean atxilotu zuen Mahsa Amini 22 urteko gaztea, beloa «gaizki jarrita» eramateagatik. Poliziaren arabera, egun hartan bertan bihotzeko bat izan zuen Aminik, Teherango komisaria batean, eta ostiralean hil zen, ospitalean, hiru egunez koman egon eta gero. Gurasoek argi utzi dute ez zegoela gaixo atxilotu aurretik.
Gertakari horrek Irango eta Kurdistango herritarrak asaldarazi ditu, baina manifestaziorik handienak Kurdistanen bertan izaten ari dira, Saghez herrian jaio baitzen Amini. Kurdistango Hengaw Giza Eskubideen taldeak atzo salatu zuenez, segurtasun indarrak borrak, negar gasa, ur kanoia, gomazko balak eta benetako munizioa erabiltzen ari dira «manifestariei zuzenean eraso egiteko eta protestak zapaltzeko». Emandako azken datuen arabera, Irango Poliziak bost lagun hil ditu, horietatik hiru Divandareh, Saqqez eta Dehglan herrietan. Horrez gain, Polizia indarrek 250 pertsona atxilotu dituzte, eta 221 zauritu.
OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatari Nada al-Naxifek emakume kurduaren «zorigaiztoko heriotza» deitoratu zuen atzo, eta Irango Gobernuari eskatu zion emakumearen heriotzaren inguruko ikerketa «inpartziala» egiteko, baita «tortura eta tratu txarren salaketak modu independente eta eraginkorrean» aztertzeko ere.
Protesten harira, berriz, Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak gaitzetsi egin zuen Poliziak «neurriz kanpoko» indarra erabili izana. Halaber, herritarren manifestaziorako eskubidea eta adierazpen askatasuna errespetatu behar dituela gogorarazi zien Irango agintariei.
Mezua nazioarteari
Irango Giza Eskubideen taldeak, gobernuz kanpoko erakundeak, eskaera zuzen hau igorri zion nazioarteari: Iranek bere herritarren aurka egiten dituen «krimenen» behatzaile «isila» ez izateko. «Dei egiten diegu Iranekin harreman diplomatikoak dituzten herrialdeei, bereziki Europako Batasunari, estatuaren hilketak amaitzeko, herritarren oinarrizko eskubideak egia bihur daitezen».
Iranen, legeak emakumezko guztiak derrigortzen ditu buruko zapia janztera 1979tik. NBEk salatu duenez, Moralaren Poliziak bere patruilak indartu ditu lurralde osoan azken hilabeteotan, eta ustez beloa gaizki jarrita daramaten emakumeak Poliziaren jazarpen fisikoa edota hitzezkoa jasaten ari dira.
Irango Kurdistanen bost lagun hil dira andre baten heriotzagatiko istiluetan
Poliziak atxilotu ostean hil zen Mahsa Amini, eta herritarrak protestan ari dira ostiraletik. NBEk Irango Gobernuari eskatu dio kasua iker dezala

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu