Albistea entzun

Gerrillari ohien hilketak gaitzetsi ditu NBEko idazkari nagusiak

Guterres Kolonbian izan da bake akordioak sinatu zituztenetik bost urtera. «Adiskidetzearen» garrantziaz ohartarazi du Timochenkok
Ivan Duque presidentea eta NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres.
Ivan Duque presidentea eta NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres. E. H. / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2021eko azaroak 25

2016ko azaroaren 24an sinatu zuten FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako buru Rodrigo Londoño Timochenko-k eta Juan Manuel Santos presidenteak mende erdiko gatazkari amaiera eman zion hitzarmena. Atzo bete ziren bost urte sinatze hartatik, eta urteurreneko ekitaldietan izan ziren NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres, Kolonbiako presidente Ivan Duque eta Comunes alderdiko —garai batean FARC— buru Londoño bera. Baina ekitaldiek ez zuten izan bost urte atzeragokoen antzik; izan ere, Duquek eta Londoñok saihestu egin zuten argazkietan batera irtetea.

Guterresek gerrillari ohien eta buruzagi sozialen hilketak gaitzetsi zituen Duquerekin egindako agerraldian —bost urte hauetan FARCeko kide izandako 296 pertsona hil dituzte, eta 1.280 buruzagi sozial—. Antioquian izan zen NBEko idazkari nagusia, akordioen aurretik FARCen kanpamentu izandakoetako batean, eta gerora desmilitarizatutako gerrillarientzat babesgune bilakatutakoan.

Guterresek ohartarazi zuen bakeak beti dituela etsaiak, eta txalotu egin zuen prozesuaren alde egindako ahalegina: «Zentzu berezia du gune honek. Gatazkaren ondorioak urte askoan bizi ostean, bertako jendeak ahalegin berezia egiten du orain euren familiak aurrera ateratzeko. Badakite adiskidetzea dela bake iraunkor baterako bide bakarra».

Adiskidetu beharra nabarmendu zuen Londoñok berak ere. Haren esanetan, estigmatizazioa oztopo bat da aurrera egiteko. «Adiskidetzen ez bagara, arazo asko izango ditugu prozesu honetan». Timochenko bera izan zen 2016an hitzarmena sinatu zuen buruzagia, eta haren ostean beste milaka gerrillarik onartu zituzten itunean jasotako puntuak; 2018an utzi zituzten armak eta desegin zuten taldea, eta jarraian abiatu ziren horiek guztiak gizarteratzeko proiektuak. Urte berean, FARCeko buruzagiek zortzi eserleku hartu zituzten Kolonbiako Kongresuan, politikarako jauzia eginez.

Urrats gutxi

Bost urteotan, espero baino urrats gutxiago egin dituzte prozesuan, eta askok Duquek gidatzen duen gobernuari egozten diote moteltze hori, hura izan baitzen, Alvaro Uribe presidente ohiarekin batera, akordioen aurka gogorren egin zuten buruzagietako bat. Estatuburuak, ordea, orain arte emandako pausoak goretsi zituen Guterresekin egindako agerraldian. Haren esanetan, Lurralde Garapenerako Egitasmoak izan dira hitzarmeneko puntu nagusietako bat; horiek helburu dute gatazkak gogorren jotako eskualdeetako azpiegiturak hobetzea.

Itxaropentsu hitz egin zuen, hala ere, akordioen beste sinatzaileak, Santosek, eta goraipatu egin zuen Londoñok eta FARCeko gainerako gerrillariek egindako ahalegina. «Uste dut Londoño konprometituta dagoela bakearekin eta nire norabide berean jarraitzen duela arraunean». Uriberekin Defentsa ministro izandakoa traidoretzat jo zuten eskuineko ordezkari askok gerrillarekin hitzarmena sinatu zuelako. Baina gauza bera gertatu zitzaion Londoñori ere borroka armatua uztearen aurka zeudenekin. Haren kasuan, iaz Kolonbiako segurtasun indarrek jakinarazi zuten haren aurkako atentatu bat geldiarazi zutela.

Bestalde, AEBek ere urrats bat egin zuten herenegun gauean, iragarriz FARC gerrilla «terroristen zerrendatik» aterako dutela. Erabakia herenegun jakinarazi zion Joe Biden presidenteak Kongresuari, eta orain berretsi egin behar du hark. Washingtonek 1997an sartu zuren zerrenda beltzean gerrilla, eta, ondorioz, kideei debekatu egin zieten herrialdean sartzea, baita AEBetan zituzten jabetzak blokeatu ere. Orain, zerrendatik kanporatuta, Etxe Zuriak aukera izango luke gerrillari ohiak gizarteratzeko programak diruz laguntzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Manifestarietako batzuk, atzo, Bruselan. ©OLIVIER HOSLET / EFE

Sei zauritu eta hogei atxilotu Bruselan, neurrien aurkako protestan

Berria

Belgikan ere derrigorrezkoa da COVID ziurtagiria tabernetan, jatetxeetan eta aisialdirako hainbat gunetan sartzeko

Aung San Suu Kyi kargugabetuiko gobernuburua asktzeko eskatzen duten afixak, estatu kolpearen aurkako protesta batean, martxoaren 18an, Yangonen. ©Stringer / EFE

Aung San Suu Kyi bi urteko kartzelaldira zigortu dute, matxinada sustatzea egotzita

Ander Perez Zala

Militarrek agintea hartu osteko lehen kondena jaso du Myanmarko Estatu Kontseilari kargugabetuak. NBEk eskatu du zigortua «berehala» askatzeko.

Eric Ciotti, Valerie Pecresse eta LRko presidente Christian Jacob, hurrenez hurren. ©CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Valerie Pecresse aukeratu dute LRko presidentegai izateko

Arantxa ElizegiEgilegor

Emakumezko presidentegai bat izango du lehen aldiz eskuin tradizionalak. Militanteen botoen %61 eskuratu ditu Ile-de-France eskualdeko hautagaiak primarioetako bigarren itzulian

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.